Gizartea -

602 lagunek gainditu zuten

Hamar migratzaile atxilotu dituzte Ceutan, uztailean agenteei hesian erasotzeagatik

Talde kriminaleko kide izatea eta atentatua eta lesioak egitea egotzi diete. Uztailaren 26an, 602 lagun sartu ziren Espainian, eta 132 migratzaile eta 22 guardia zibil artatu zituzten.

Artxiboko irudia, Ceutako hesiaren ingurua. Argazkia: EiTB.
Artxiboko irudia, Ceutako hesiaren ingurua. Argazkia: EiTB.
Artxiboko irudia, Ceutako hesiaren ingurua. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ceutako Guardia Zibileko Komandantziako kideek hamar migratzaile atxilotu dituzte astearte honetako lehen orduan, bertako Etorkinen Aldi Baterako Egonaldi Zentroan; izan ere, talde kriminaleko kide izatea eta atentatua eta lesioak egitea egotzi dizkiete. Ceutako hesitik Espainiara indarkeria erabiliz sartu ziren uztailaren 26an, beste 592 migratzailerekin batera (602k gainditu zuten guztira), eta atxilotuak Estatura sartzeko operazio haren buruzagiak izan zirelakoan dago Institutu Armatua.

Guardia Zibilaren iturriek Europa Pressi jakinarazi diotenez, atxiloketak Espainiako hiri autonomoaren eta Marokoren artean dagoen hesiko segurtasun-kameretako grabazioak aztertu ondoren egin dituzte, eta beste ikerketa batzuk ere egin dituzte.

Ceutako 5. Instrukzio Epaitegiko epaile titularrak (uztailaren 26an bera zegoen guardian) sumarioa sekretupean jarri du.

Guardia Zibilak uztailaren 31n jarri zituen epailearen esku Espainiara sartu ziren 602 migratzaileen eta zauritu ziren guardia zibilen inguruko atestatua. Migratzaileak ondorengo herrialdeetakoak ziren: Ginea (gehienak), Gambia, Kongo, Txad eta Kamerun. Felix Azon Guardia Zibilaren zuzendariaren esanetan, "inoizko sartzerik bortitzena izan zen".

132 migratzaile eta 22 agente artatu zituzten

Gurutze Gorriak 132 migratzaile eta 22 agente artatu zituen egun hartan. Dokumentaziorik gabeko 20 migratzaile eta 10 agente eraman zituzten ospitalera; azkenean, bost migratzaile ospitaleratu behar izan zituzten.

Guardia Zibilaren arabera, bateriak zituzten erradialak erabili zituzten hesia irekitzeko, eta zaintzaileei kare bizia bota zieten, gorotzekin, bai eta auto-baterien likidoa ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioaren albisteak Espainia Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak