Gizartea -

OCUren kanpaina

1967ko lege batek iturriko ura doan eskaintzera behartzen ditu Frantziako jatetxeak

Estatuan, OCUk #PideJarraDeAgua izeneko kanpaina abiatu berri du, xede izanik herritarren babesa eskuratzea, antzeko lege bat eskatzeko.

Frantziako legea 1967koa da. Argazkia: EFE.
Frantziako legea 1967koa da. Argazkia: EFE.
Frantziako legea 1967koa da. Argazkia: EFE.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziar Estatuko jatetxe batera bazkaltzera joatea, mahai baten inguruan esertzea, eta mahaian ikustea, eskatu aurretik, gerora kobratuko ez diguten pitxer bat ur. Frantziako ostalaritza-lokal batean menu batez gozatzeko aukera izan duen edonork horixe probatzeko aukera izan du… legeak hala ezartzen duelako. Hain zuzen ere, 1967ko ekainaren 8ko lege batek du ezarrita; horrek bezeroei iturriko ura doan eskaintzera behartzen ditu Frantziako jatetxeak. Espainiar Estatuan, OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak #PideJarraDeAgua izeneko kanpaina aurkeztu berri du; horren xedea da herritarren babesa eskuratzea, antzeko lege bat eskatzeko.

Zehazki, Frantzian, legeak dio jatetxeak, menuagatik kobratzeko prezioaren barruan, bazkarian edo afarian bezeroak bere esku izango dituen hainbat kontzeptu sartu behar direla; adibidez, mahai-tresnak, baxera, mahai-zapia, gastronomia-proposamenak prestatzeko osagaiak, saltsak edo espeziak… Horien artean, halaber, ogia eta iturriko ura ere badaude; gehienetan, pitxer batean eskaintzen zaie ura bezeroei.

Testuinguru horretan, ez da sartzen botilaratutako ura; horren prezioa espezifikatu eta identifikatuta izan behar da, gainerako edariena bezala. Frantziako taberna edo kafetegi batean edari edo kafe bat eskatuz gero, halaber, ez genuke izango doan pitxer bat ur; izan ere, legeak bazkaldu edo afalduko duten bezeroei bermatzen die, ez edari bat aginduko dutenei.

Lapurdi, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, hortaz, doan izango dugu iturriko ura, taberna eta jatetxeetan. Nafarroan ere horixe bera gertatzen da, aurreko uztailetik; OCUk berak bere web orrian azaltzen duenez, Foru Erkidegoan, Hondakinen Legeak behartzen ditu tabernak, jatetxeak eta hotelak bezeroei iturriko ura duen ontzi bat, bai eta hori kontsumitzeko edalontziak ere, doan eskaintzera.

Ingurumenerako eragina, txikiagoa

Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak, ekimena aurkezteko ostegunean eman duen prentsaurrekoan, hiru argudio zehaztu zituen, hori justifikatzeko: "arrazoi etikoak", NBEk 2010etik aitortzen baitute ura giza eskubidea dela; osasun-arrazoiak, "ura edatea osasungarria baita, eta doan eskuratu ahal izateak kontsumo-ohitura osasungarriak bultzatzen dituelako"; eta ekologia-arrazoiak, "kontuan izanik plastikozko botilek hondakin-kopuru handiak sortzen dituztela, eta, azkenean, botila askok ingurumena kutsatzen dutela".

Ildo horretan, komenigarria da gogoraraztea Estatuan plastikoen % 56 ez direla birziklatzen; ondorioz, urrun dago, oraindik, Europako Batzordean 2025erako ezarritako helburua, alegia, ehuneko hori ez izatea % 45etik gorakoa. Tabernetan eta jatetxeetan iturriko ura pitxerretan eskaintzekotan, ingurumenerako eragina egun baino txikiagoa izango litzateke.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia bideoak Gizartea Albisteak Gaur Albisteak