Gizartea -
Ekimena
Bilbok migratzaileentzat baliabiderik ez duela salatu du Hiriko Harrera Sareak
Bilboko Harrera Auzoen Sareak gosari solidarioa antolatu du gaur goizean Bilboko Guggenheim Museoko zelaigunean. 150 bat migratzailek hartu dute parte.
Agentziak | Erredakzioa
Bilboko Harrera Auzoen Sareak gaur goizean salatu duenez, "turismoa eta beste gaietarako baliabideak" badituen arren, "hiriak ez du migratzaileeei eta errefuxiatuei gosariak emateko bitartekorik". Erakundeak Guggenheim Museoaren zelaigunean gosari solidarioa antolatu du migratzaileentzat. 150 bat pertsonak hartu dute parte.
Migratzaileen oinarrizko beharrak asebete ditzaten eskatu diete antolatzaileek euskal erakundeei, orain arte lan hori Bilboko herritarrek egiten dutela ohartarazita. Gaur egun, migratzaileak Santutxu auzoko 'la Karmela' zentroan artatzen dituzte.
Maria Viadero Harrera Sareko bozeramaileak gogoratu duenez, auzoetako lanak betetzen ditu "administrazio publikoko gabeziak".
Eguneko Zentroa
Bestalde, administrazioak pertsona horiei eskaintzen dien harrera gizonen kasuan hiru gauetakoa dela soilik gaineratu du Viaderok. Hori dela eta, "egunez" ere han egon ahal izatea eskatu du.
"Nahiz eta azkenaldian hobekuntzak egingo dituztela entzun dugun (bost gauetako egonaldiak, etab.), ez dakigu noiz zehaztuko dituzten konpromiso politiko horiek", kritikatu du.