Gizartea -
EPAIKETA GASTEIZEN
Aliciaren ama: 'Ez nuelako sexu-harremanik izan nahi eraso egin zigun akusatuak'
“Beste arrazoirik ez dago”, azpimarratu du emakume gazteak epaiketan, Arabako Lurralde-auzitegian. “Gauza bera egin behar zidala esan zidan”, azaldu du emakumeak.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Sexu-harremanik izan nahi ez zuelako akusatuak eraso egin ziela azaldu du gaur 17 hilabeteko haurtxoaren amak, epaiketan. Bere erabakiak gizonaren “urguilua ukitu” zuela erantsi du emakumeak, eta akusatuak umetxoa leihotik bota zuen.
“Beste arrazoirik ez dago”, azpimarratu du emakume gazteak epaiketan, Arabako Lurralde-auzitegian. Era berean, Daniel akusatuari, Sevillako musika irakasleari, umetxoaren ama hiltzen saiatzea leporatzen diote.
Krimena gertatu zenean, 2016ko urtarrilaren 25ean, Gabrielak 18 urte zituen. Akusatuak kolpatu eta ileetatik arrastaka balkoira arte eraman zuela ziurtatu du emakumeak. Bera ere leihotik botatzen saiatu zela gaineratu du.
“Gauza bera egin behar zidala esan zidan”, azaldu du gazteak. Testigantza behin baino gehiagotan eten behar izan du gertatutakoa gogorarazi duenean; bereziki alaba logelatik ateratzeko saiakera antzuak nabarmendu dituenean. “Alicia negar egiten ari zen. Logelatik kanpo bultzatu nuen, baina ez nuen atea ixteko denborarik izan”, esan du.
Harreman sare baten bidez akusatua egun batzuk lehenago ezagutu zuela azaldu du gazteak. Fisikoki aurrez aurre ikusi zuen lehen aldia krimenaren aurreko gauean izan zela erantsi du; landetxe batean zehaztu duenez.
Epaiketaren bigarren saioan, akusatuak "burua nahasita" zuelako egin zuela esan du, eta mundua suntsitzea saihestu behar zuen "aingeru zuri bat" zela uste zuela.
Euskadin aurrenekoz, espetxe iraunkor berrikusgarria eskatu dute hiru akusazioek eta Fiskaltzak, Alicia haurtxoa azpikeriaz hiltzea eta haren ama hiltzen saiatzea egotzita. Horrela, akusatuak 25 eta 35 urte arteko kartzela-zigorra bete beharko luke, zigorra berriz aztertu baino lehen. Defentsak, berriz, "buru-nahastea" argudiatu du inguruabar salbuesle oso gisa.
Fiskalak egindako galderei erantzunez, 2016ko urtarrilaren 25eko goizaldean haurra leihotik "jaurti" zuela onartu du akusatuak. Horren hitzetan, "erotuta" zegoelako jokatu zuen horrela, eta umearen amarekin eztabaidatzen ari zenean, haurtxoak "begiak zuloetatik kanpo" zituela eta "gaiztakeriaz eta amorruz" begiratu ziolako.
Akusatuaren arabera, "argiaren langile bat" eta "aingeru zuri bat" zela uste zuen orduan, eta Aliciaren ama, berriz, "gaizkiaren hazia" eta "gizateria amaituko zuen deabrua". "Nire misioa gaizkiaren hazia desagerraraztea eta munduaren amaiera eragoztea zen", azaldu du, Alicia leihotik bota zuela onartu aurretik.