Gizartea -
Migrazioa
Europar Kontseiluak Ceuta eta Melillako etorkinen kanporatzeaz ohartarazi du Espainia
Txosten baten bidez jakinarazi dio pertsona orok behar duela babesa, kanporatze kolektiboen aurrean.
AGENTZIAK | EITB.EUS
Espainiara iristen diren pertsonak, Melilla eta Ceutako hesia igarotzen dutenak barne, kanporatze kolektiboen aurrean babestuta egon behar direla jakinarazi dio, txosten baten bidez, Europako Kontseiluak Espainiari. Halaber, asilo-eskubidea bermatzen duen jardunbiderako aukera izan behar dutela gogorazi dio.
Toma Boekek, Migraziorako eta Errefuxiatuentzat Europako Kontseiluak duen idazkari nagusiaren ordezkari bereziak, ikerketa lan bat agindu zion Espainiari martxoaren 18tik 24ra, eta hortik ondorioztatu du harrera baldintzak egokiak direla, baina Ceuta eta Melillako instalazioak gainezka daudela.
"Ceuta eta Melillara bakarrik iritsi diren ume askok ez dute dagokien babesa jasotzen, kalean bizi dira eta lehorrera eramango dituzten transbordadoreetara igotzen saiatzen dira etengabe", dio txostenak. Gainera, ordezkari bereziak azpimarratu du beharrezkoa dela asilo-eskaeren pilaketa murriztea.
Bukatzeko, Europako Kontseiluak gogorarazi du azken hiru urteotan Espainian nabarmen hazi direla migratzaileen joan-etorriak. Hori horrela, asilo-eskaerek ere gora egin dute 2017az geroztik. Uda honetan, adibidez, Espainiara heldu dira Mediterraneo Itsasoa zeharkatu duten errefuxiatu eta migratzaile gehienak.