Gizartea -
2018-2019 ikasturtea
374.957 ikaslek hasi dute ikasturtea, Euskadin
Iazko ikasturtearekin alderatuta, kopurua % 0,3ko igo da; halere, Haur Hezkuntzako lehen zikloan % 2,95 jaitsi da, azken urteotan jaiotza-tasan izandako jaitsieraren ondorioz.
Agentzia | Erredakzioa
Guztira, 374.957 ikaslek hasi dute ostiral honetan 2018-2019 ikasturtea Euskadin; iazko ikasturtearekin alderatuta, kopurua % 0,3ko igo da; halere, Haur Hezkuntzako lehen zikloan (0-2 urte) % 2,95 jaitsi da, azken urteotan jaiotza-tasan izandako jaitsieraren ondorioz.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Eneko Goia Donostiako alkatearekin batera, ostiral honetan eman dio hasiera Gipuzkoako hiriburuko Ikasbide Ikastolan, Haur eta Lehen Hezkuntzako zentroan.
Hainbat gelatara bisita egin ostean, Goiarekin eta Hezkuntza Saileko eta hezkuntza zentroko beste zenbait arduradunekin batera, sailburuak esan du Haur Hezkuntzako lehen zikloan (0.2 urte) "hiru puntu inguruko jaitsiera (- % 2,95) izan dela ikasle kopuruan, azken urteotan jaiotza-tasan izandako jaitsieragatik".
Haur Hezkuntzako bigarren zikloan ere izen-emateak jaitsi egin dira, zehazki, aurreko ikasturtean baino % 2,34 gutxiago izan dira.
Umeak eskolaratzeko euskal familiek aukeratzen duten sareari dagokionez, Uriartek azaldu duenez, "sare publikoaren eta itunpekoa-pribatuaren arteko orekak geure hezkuntza-sistemaren ezaugarria izaten jarraitzen du". "Ikasleen % 50,6k sare publikoan ikasten dute, eta gainerako % 49,4k itunpekoan edo pribatuan", adierazi du.
Hizkuntza ereduari dagokionez, sailburuak esan du D ereduak jarraitzen duela "eskatuena izaten, ikasle guztien artean". Horren harira, Haur Hezkuntzan, D eredua % 79,7k aukeratzen dute, iaz baino 0,8 puntu gehiagok; A eredua haurren % 3,6k hautatzen dute, iaz baino bi hamarren gutxiagok.
Uriartek nabarmendu duenez, ikasturte berri honetan azpiegitura berriak, eraikin berriak eta zabalkuntzak egingo dituzte. Halaber, aurten funtzionatzen hasten diren zentroen berri eman du, besteak beste, Zabalgana Institutua Gasteizen, Pagasarribide Institutua Bilbon eta Miguel Altuna Lanbide Heziketa Zentroa Bergaran. Bilboko San Adrian Institutuan eta Urdulizko Elortza eskolan zabalkuntzak egingo dituztela gaineratu du.