Gizartea -
Iparralde
Apaiz bat epaituko dute Baionan ilobari sexu abusuak egitea egotzita
1990ean 11 urte zituen ilobari abusuak egin zion ustez Jean Francois Sarramagnan Hiriburu herriko apaizak. Bost eta 10 urte arteko kartzela zigorra ezar diezaiokete.
EITB.EUS
Jean Francois Sarramangnan Hiriburuko (Lapurdi) apaiza izandakoaren kontrako epaiketa abiatuko dute astearte arratsaldean Baionan. 1990ean adingabea zen ilobari sexu abusuak egitea leporatzen diote apaizari, eta bost eta 10 urte arteko kartzela zigorra ezar diezaiokete.
Abusuak 1990ean jazo ziren, apaizak ilobarekin egindako bidaia batean; artean 11 urte baino ez zituen. Biktimaren amak 2015ean aurkeztu zuen salaketa. Izan ere, familia zain egon da biktima epaiketa bati aurre egiteko moduan izan arte. Frantziako legeak 38 urteko epemuga ezartzen du adingabe bati egindako sexu erasoak salatzeko.
Apaiza 2016ko apirilean kargugabetu zuen Marc Aillet Baionako gotzainak. Aurretik, 2009tik, omen zuen kasuaren berri, Sarramangnanek berak aitortu omen baitzion adingabearekin sexu harremanak izan zituela.
Gaur epaituko dena ez da Sarramangnanen kontra aurkeztutako lehen salaketa. Emakume batek ere salatu zuen, baina kasu hori artxibatu egin zuten 2007an.
Aillet gotzainaren arabera, Baionako Elizbarrutian atzemandako pedofilia kasu bakarra da Sarramangnanena.