Gizartea -
Atxiloketa
Willy Toledo atxilotu dute, ostegun honetan epailearen aurrera eramateko
Desobedientzia “azkenera arte” eramango zuela esan zuen aktoreak iragan astelehenean. Entregatu barik, Estatuko segurtasun indarrei modu “baketsuan” itxarongo ziela erantsi zuen.
Agentziak | Erredakzioa
Willy Toledo aktorea atxilotu dute gaur, iturri juridikoek jakitera eman dutenez. Toledo bi aldiz deklaratzera deitu zuen epaileak, baina ez zen agertu. Ondoren, Madrilgo 11. Instrukzio-epaitegiak atxilotzeko agindua eman zuen. Sentimendu erlijiosoak ustez iraintzeagatik salatu zuten aktorea.
Aktorea epailearen aurrera eramango dute ostegun honetan.
Desobedientzia “azkenera arte” eramango zuela esan zuen aktoreak iragan astelehenean, Facebook sare sozialean. Entregatu barik, Estatuko segurtasun indarrei modu “baketsuan” itxaron behar ziela erantsi zuen.
“Atxilotu naute. Goatekea izorratu zaigu. Goazen harantz. Poloniaaaaaa”, iragarri du Toledok berak 18:00etan.
Iturri juridikoen arabera, aktorea 15:00ak aldera atxilotu dute bere etxe alboan, Madrilen. Gaua polizia-etxean emango du, ostegun honetan epailearen aurrera eramateko zain.
“Pertsona batek gaua ziegan emango du, Jainkoan zergatik kaka egin duen epaile bati azaldu ez diolako. Inkisizioan al gaude? XXI. mendeko Espainian adierazpen askatasuna ziega batean giltzapetuko dute gaur”, salatu du Toledoren abokatuak.
Barrio antzokian adierazpen askatasunaren aldeko bijilia deitu zuen aktoreak gauerako, 23:00etatik aurrera; bertan Poliziari “itxaron” behar zion.
Bere abokatuak eta antzokiak baieztatu dutenez, aktoreak deitutako ekitaldia mantentzen da, eta 23:30etik aurrera “mikro ireki” bat utziko dute, “herria askatasunez adierazteko, Estatu borboniko errepresibo frankistak ukatzen digun askatasunarekin”, abokatuaren ahotan.