Gizartea -
Ezbeharra Araban
Bi kamioik elkar jo dute A-1 autobidean, Agurainen
Istripuan bi kamioilariak zauritu dira. Kamioi batek autoak zeramatzan, eta besteak gasolioa eta gasolina. Bigarrenak su hartu du.
Agentziak | Erredakzioa
Bi kamioik talka egin dute arratsalde honetan Agurainen (Araba), A-1 autobian. Kamioi batek autoak zeramatzan, eta besteak gasolioa eta gasolina. Bigarrenak su hartu du.
Ezbeharrean bi kamioilariak zauritu dira, eta bidea guztiz itxita izan da hiru bat ordu.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, istripua 17:10 aldera gertatu da istripua. Gasolioa eta gasolina garraiatzen zituen zisterna-kamioi batek autoak zeramatzan beste kamioi batekin talka egin du A-1ean, 380. kilometroan, Agurainen, Irungo noranzkoan.
Talkaren ondorioz, zisterna-kamioiak su hartu du eta bi gidariak zauritu dira.
Errepidea bi noranzkoetan itxi behar izan dute, eta suhiltzaileak errepidea libratzeko lanean ibili dira.
Agurain, Langraiz Oka eta Altsasuko (Nafarroa) suhiltzaileak bertaratu dira. Hala ere, hasiera batean, badaezpada, ez dira hurbildu ere egin, zisterna-kamioiaren deposituak eztanda egiteko arriskua zegoelako. 25.000 litro gasolio eramateko edukiera zuen.
Hasiera batean, sugarrek baso-sutea ez pizteko lan egin dute suhiltzaileek. Suak ke beltz lainoa sortu du, eta kilometrotatik ikus zitekeen.
Ertzaintzak zirkulazioa N-1 nazionaletik eta eskualdeko errepidetatik bideratu du; izan ere, badaezpada bi noranzkoak itxi dituzte. Auto-ilara luzeak sortu dira.
Oraingoz, bi gidarien zaurien larritasuna ez dute zehaztu. Bi kamioilariak Gasteizko Txagorritxu eta Santiago ospitaletara eraman dituzte.