Gizartea -

Eguraldia

Abisu horia ezarri dute gaur arratsalderako EAEn, prezipitazio handiengatik

Arratsaldean, euria egingo du EAE osoan, eta zaparrada handiak botako ditu tarteka. Ekaitz giroa izango da nagusi, beraz, eta kazkabarra ere egin lezake.

Egun euritsua, Donostian. Argazkia: EFE
Artxiboko argazkia: EFE
Egun euritsua, Donostian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du arratsalderako Euskal Autonomia Erkidegoan. Izan ere, 17:00etatik 20:00etara, euria erruz egingo du, eta litekeena da metro koadroko 15 litro ur pilatzea leku askotan.

Hain zuzen ere, tarteka zaparrada handiak botako dituela diote iragarpenek, eta kazkabarra egiteko arriskua ere badago. Gainera, haizeak gogor jo lezake ekaitzak astindutako tokietan, bereziki.

Astearterako iragarpena

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, asteartean eguraldi ezegonkorra nagusituko da. Zerua hodeitsu egongo da goizetik, ekaitza izango da protagonista, eta arratsaldean, batik bat, euri asko egingo du. Tenperatura maximoak ez dira 30 gradura helduko, eta kostaldean are baxuagoak izango dira.

Asteazkenerako iragarpena

Berriro ere, ezegonkortasuna izango da nagusi, ekaitza egiteko arriskua egongo baita, nahiz eta zeruan ostarteak eta lainoak tartekatuko diren. Goizaldean euria egingo badu ere, goizean ateri eutsiko dio leku gehienetan.

Arratsaldean, ostera, ekaitz giroak hartuko du berriro EAEko barnealdea. Kostaldean, berriz, giro lasaiagoa izango da. Tenperaturei dagokienez, ez da aldaketa handirik espero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ekaitzak