Gizartea -
Bizkaian
Gizon bat atxilotu dute Berriatuan beste bati tiro egiteagatik
Ertzaintzak gertaeraren nondik norakoak argitzeko ikerketa abiatu du. Antza, gertaerak droga lapurreta batekin zerikusia dauka.
Agentziak | Erredakzioa
Gizon bat tiroz zauritu dute astearte honetan, Berriatuan (Bizkaia), eta Ertzaintzak tiroen egilea atxilotu duela jakinarazi dio Segurtasun Sailak eitb.eus-i.
Antza, gertaera droga lapurreta batekin lotuta dago, tiroketa marihuana sail baten inguruan gertatu baita.
Tiroketa astearte honetan izan da, 04:30 aldera, Berriatua udalerrian. Gizon bat tiroz zauritu dute, eta senide batzuek Basurtuko ospitalera eraman dute, suzko armaz egindako zauriak baitzituen.
Berriatuko hainbat bizilagunek esandakoaren arabera, hiru lagun marihuana plantazio batera lapurtzera sartu dira, eta zainketa lanetan ari zen jabeak tirokatu egin ditu.
Ertzaintza gertaeraren nondik norakoak ikertzen ari da, eta balizko droga lapurreta batekin harremana izan dezakeela uste du. Atxilotuari hilketa ahalegina egotzi diote, baita osasun publikoaren aurkako delitu bat ere.