Gizartea -

Landaketa ilegala

2.000 bat marihuana landare aurkitu dituzte Andoainen eta Erandion

Andoaingo industria-nabe batean 1.100 landare zituzten. Beste marihuana saila Erandion (Bizkaia) topatu dute. Bertan 900 bat landare eta laborantzarako lanabesak atzeman dituzte.

Marihuana plantazioa Andoaingo industria-nabe batean. Argazkia: Segurtasun Saila
Marihuana plantazioa Andoaingo industria-nabe batean. Argazkia: Segurtasun Saila
Marihuana plantazioa Andoaingo industria-nabe batean. Argazkia: Segurtasun Saila

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak marihuana plantazio ilegal bat desegin dute Andoaingo (Gipuzkoa) industria-nabe batean. Guztira, 1.100 landare zituzten bertan, eta horiek hazteko beharrezkoak diren elementuz hornitua zegoen industria-nabea, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Iturri berak zehaztu du atzo arratsaldean aurkitu zituztela landareak, 16:00ak aldera. Hain zuzen ere, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren hainbat agente bertaratu ziren ordu horretan, eta ustez plantazioarekin zerikusia duten zenbait lagun identifikatu zituzten.

Instalazioa bi solairutan zegoen banatuta, eta pabiloiko gela guztiek landareen hazkuntzarako beharrezkoa den argiztapen, ureztatze eta aireztapen sistema zuten.

Pabiloiaren maizterra da identifikatutako lagunetako bat. Hori horrela, ikerketa abiatu dute haren aurka, osasun publikoaren aurkako delitua egotzita.

Gainera, 39 eta 43 urte arteko hiru gizonezkoren aurkako ikerbidea hasi du Ertzaintzak, osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta; izan ere, beste marihuana sail bat topatu dute ertzainek Erandion (Bizkaia). Bertan 900 bat landare eta laborantzarako lanabesak atzeman dituzte.

Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, plantazioa iragan ostiralean aurkitu zuen Ertzaintzak, landa-gune batean. Bi berotegik eta hiru etxolak osatzen zuten.

Berotegien barruan ia 900 landare zeuden, hazkuntza fase ezberdinetan. Etxoletan laborantzarako tresnak eta lanabesak topatu zituzten.

Ertzaintzak 39 eta 43 urte arteko hiru gizon identifikatu zituen, eta ikerbidea hasi zuen, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita.

Ertzainek landareak eraman zituzten, ondoren aztertu eta suntsitzeko. Atestatua instrukzio-epaitegiari igorri diote.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Erandio bideoak Delituak Drogak Gizartea Eguneko albisteak Andoain Albisteak