Gizartea -
Araba
Kiskalitako animalia baten zatiak aurkitu dituzte maleta baten barruan Asparrenan
Herritar batek eman zuen abisua, gasolindegian utzita zegoen maleta baten kiratsa usaindu ostean. Auzitegi-medikuek arrastoak aztertu zituztenean jakin zuten ez zirela gizakiarenak.
agentziak | erredakzioa
Kiskalitako animalia baten zatiak aurkitu zituzten atzo gauean Asparrenako (Araba) gasolindegi batean, maleta batean sartuta, Europa Pressek Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saileko iturriak aipatuta jakitera eman duenez.
Ertzaintzak azaldu duenez, herritar batek eman zuen abisua, gasolindegian utzita zegoen maleta baten kiratsa usaindu ostean.
Maleta jaso eta barruan kiskalitako hezurrak aurkitu zituzten. Orduan, auzitegi-medikuarenera eraman zituzten aurkitutako arrastoak gizakiarenak edo animaliarenak ziren jakiteko. Azkenean, animaliaren hezurrak zirela jakin zuten, eta Ertzaintza zer gertatu den argitzen saiatzen ari da.