Gizartea -
Eguraldia
Udazken itxurako astelehen baten ostean, aste udatiarra
Euria eta tenperatura freskoak izango ditugu nagusi gaur. Asteartean, aldiz, eguzkia izango dugu errege, eta asteazkenerako, tenperaturek ere uda ukitua emango diote egunari.
EITB.EUS
Udazkenean gaude, eta gaur inor gutxik jarriko du zalantzan hori; hodeiak zeruan, euria eta tenperatura minimoak 12 graduren bueltan. Giro goibelarekin abiatu dugu astea, baina asteartearekin batera erabat aldatuko da eguraldia.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egindako eguraldi iragarpenaren arabera, astelehen goizean zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du; oro har, euri txikia, baina ipar partean baliteke zenbait unetan mardulago egitea. Arratsaldean, atertzera egingo du, eta gauean ostarteak zabalduko dira. Iparraldeko eta ipar-ekialdeko haizeak joko du, eta tenperatura maximoak asko jaitsiko dira; barnealdean beroenak igandekoak baino 10 ºC baxuagoak izango dira. Tenperatura minimoak ere asko jaitsiko dira, eta gauean neurtuko dira hotzenak, azken orduetan. Nafarroa hegoaldean, ziertzoa bizi ibiliko da.
Asteartean, beste itxura bat hartuko du aroak, eta eguzkia izango da jaun eta jabe. Goizean goiz, behe-lainoa izango dugu leku askotan, baina laster jasoko du eta zerua oskarbi geratuko da denean. Eguzkitsu egon arren, tenperatura maximoak ez dira asko igoko; izan ere, ipar-ekialdeko haize fina ibiliko da. Goizaldean, hotz egingo du, leku askotan 10 ºC-tik behera jaitsiko baita tenperatura.
Asteazkenean, uda giroa: eguzkia eta beroa. Oskarbi egongo da ipar partean, eta hegoaldean, aldiz, baliteke behe-lainoak eguerdira arte irautea, eta gero lainoguneei loturiko hodei hondar batzuk geratzea. Hego-ekialdeko haizea bizi ibiliko da, bolada gogorrekin tarteka. Horren ondorioz, tenperatura asko igoko da ipar isurialdean; maximoak 30 ºC-ra hurbilduko dira.
Joeraren arabera, eguraldiak ildo beretik jarraituko du ostegunean eta ostiralean.