Gizartea -
Manifestazioa
Kaleak okupatzeko eskubidea aldarrikatu dute 2.000 pertsona inguruk Gasteizen
Herri mugimenduek deitutako manifestazioa San Anton plazan hasi da 12:30ean, eta 'zuei gustatu ala ez nos okupamos de Gasteiz' lelopean, Andre Maria Zuriaren plazaraino joan dira.
Agentziak | Erredakzioa
Milaka pertsona batu dira larunbat goiz honetan Gasteizen, kaleak okupatzeko eskubidea aldarrikatzeko manifestazio koloretsuan. Udalak 'OkupaTU Gasteiz Eguna' ospatzeko antolatutako ekitaldi batzuk debekatu dituela salatu dute, eta espazio publikoak erabiltzeko eskubidea dutela oihukatu dute, jai giroan.
Herri mugimenduek deitutako manifestazioa San Anton plazan hasi da 12:30ean, eta 'zuei gustatu ala ez nos okupamos de Gasteiz' lelopean, Andre Maria Zuriaren plazaraino joan dira. Puxika laranjek, banderek eta zapiek protesta koloreztatu dute, protagonismoa gaurko ospakizunari eman nahi izan baitiote.
Gasteizko 50 bat taldek deitu dute manifestazioa, besteak beste, Hala Bedi irratiak, Gasteizko Gaztetxeak, Errekaleorrek, Auzolana Pilotalekuak, Martxoak 3ko Biktimen Elkarteak, Sortuk edota Ernaik. Ibilbide osoan zehar okupazioaren aldeko oihuak entzun dira, 'OkupaTU Gasteiz' dinamikaren egitarau ofizialean aurreikusitako hainbat ekitaldi debekatu baititu Udalak.
Bestalde, Gasteizko Udaletik diote ez dituztela dinamikaren antolatzaileek eskatutako espazio publikoak zentzuratu. Antza denez, aurretik beste jarduera batzuk antolatuta zituzten bertan, eta, ondorioz, soilik hutsik geratu diren guneetan utzi diete nahi izan dituzten jarduerak antolatzen.
Halaber, Udaletik jakinarazi dute antolatzaileek ez dituztela espazio publikoak okupatzeko beharrezkoak diren dokumentu guztiak garaiz bete, eta ez dituzte bete hirian jarduerak antolatu nahi dituzten elkarte edo talde guztiei eskatzen dizkieten baldintzak.