Gizartea -

INDARKERIAZ EGINDAKO LAPURRETA

Gizon bat atxilotu dute Getxon, 2016an Zigoitian egindako lapurreta batekin lotuta

Etxebizitzaren jabea atxikitzea eta bridekin ohera lotzea eta ibilgailua, dirua, bitxiak eta material informatikoa lapurtzea leporatzen diote 66 urteko atxilotuari.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 66 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo arratsaldean Getxon, 2016an Zigoitian indarkeriaz egindako lapurreta batean parte hartu zuelakoan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez. Etxebizitzaren jabea atxikitzea eta bridekin ohera lotzea eta ibilgailua, dirua, bitxiak eta material informatikoa lapurtzea leporatzen diote atxilotuari.

Aipaturiko gertaerak 2016ko ekainean gertatu ziren Arabako Zigoitia udalerriko etxebizitza batean. Ekainaren 17an Ertzaintzari jakinarazi ziotenez, kaputxadun bat txalet batean sartu zen, inguruko hesia hautsi ondoren, eta jabeari labana batekin eta deskarga elektrikoak ematen dituen makina batekin mehatxu egin zion.

Gero, bridak erabiliz, ohera lotu zuen emakumea, bitxiak, dirua eta material informatikoa lapurtu zituen, eta, azkenik, garajean zegoen autoa hartu eta ihes egin zuen.

Gertatutakoaren berri izan ostean, Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, eta hurrengo egunean aurkitu zuten autoa.

Ondorengo hilabeteetan egindako ikerketari esker, ustezko lapurra identifikatu zuten; hain zuzen, jabetzaren kontrako delituengatik aurrekariak zituen gizon bat omen da.

Ustezko lapurra atzo arratsaldean aurkitu zuten Getxon, eta atxilotu egin zuten, biktima legez kanpo atxikitzea eta indarkeriaz lapurreta egitea egotzita. Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten, eta datozen orduetan igaroko da epailearen aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Getxo Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Delituak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Lapurretak albisteak