Gizartea -

Cabacas auzia

6 ertzain eseriko dira gaurtik aurrera akusatuen aulkian, Cabacas auziaren epaiketan

Akusazio partikularrak lau urteko kartzela-zigorra eskatu du auzipetuentzat, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa leporatuta. Sei urte geroago eseriko dira akusatuen aulkian.

Cabacas auzian justizia eskatzeko protesta bat. Artxiboko argazkia: EiTB
Cabacas auzian justizia eskatzeko protesta bat. Artxiboko argazkia: EiTB
Iñigo Cabacasentzat justizia eskatzeko bilkura, Bilbon

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur hasiko da Iñigo Cabacas Athleticeko jarraitzailearen heriotza argitzeko ahozko epaiketa. Gaztea 2012ko apirilaren 9an hil zen, egun batzuk lehenago Ertzaintzak San Mames inguruan jaurtitako gomazko pilota batek buruan jota. Sei urte geroago, sei ertzain eseriko dira akusatuen aulkian, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa egotzita. Akusazio partikularrak lau urteko kartzela-zigorra eskatu du auzipetuentzat. Gaur hasi eta azaroaren 9ra bitartean, Bizkaiko Lurralde Auzitegian ehun bat lekukok deklaratuko dute.

Jone Goirizelaia familiaren abokatuak zuzentzen du akusazio partikularra. Fiskaltzak, berriz, auzipetuak aske uzteko eskatu du, bere iritziz ez baitago deliturik.

2012ko apirilaren 5ean Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo zuen Iñigo Cabacas, Athleticen eta Schalke 04 talde alemaniarraren arteko futbol partidaren ostean, San Mames inguruan zuri-gorrien garaipena ospatzen ari zela. Kalean izandako istiluen ondorioz Ertzaintzak egindako kargetan jaurtitako gomazko pilota batek bete-betean harrapatu zuen gaztea, eta lau egun geroago hil zen, Basurtuko Ospitalean.

Ahozko epaiketa gaur hasiko da, 10:00etan, Bizkaiko Lurralde Auzitegian.

Cabacas auziaren ahozko epaiketaren lehen saioan, auzipetuak (ofizial bat, bi ofizialorde eta hiru ertzain) eseriko dira akusatuen aulkian. Hurrengo egunetan, lekukoek hitz egingo dute, eta azaroaren 8an, perituen probak aztertuko dituzte.

Besteak beste, Espainiako Poliziako zortzi agentek deklaratuko dute, Bilboko Maria Diaz de Haro kaleko etxarte batean gertatutakoa berregiteko eskatu baitzieten 2016ko otsailean. Azaroaren 9an, alegia, epaiketaren azken saioan, ateratako ondorioak eta bi aldeen txostenak irakurriko dituzte.

Athleticen eta Schalke 04 taldeen arteko norgehiagoka "arrisku handiko partida" bezala kalifikatu zuten. 2012ko apirilaren 5eko polizia operatibo berezi horretan, akusatuen aulkian eseriko diren sei ertzainek parte hartu zuten.

Sei ertzainei zuhurtziagabekeriazko giza hilketa leporatu diete, baina Fiskaltzak dio ez dagoela deliturik, eta akusatuak aske uzteko eskatu du.

Ministerio Publikoaren esanetan, Athleticeko jarraitzailea hil zuen gomazko pilota nork jaurti zuen jakiteko frogarik ez dago. Halaber, dagozkion izapideak egin ostean, karga hori egitea nork agindu zuen jakiterik ez dagoela gaineratu du.

Arduragabekeriazko homizidioa

Jone Goirizelaia Iñigo Cabacasen familiaren abokatuak zuzenduko du akusazio partikularra epaiketan. Cabacas auzian auzipetutako sei ertzainentzat lau urteko kartzela-zigorra eskatu du, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa leporatuta. Halaber, sei urteko inhabilitazioa eskatu du, baita zigorrak irauten duen bitartean Iñigo Cabacasen gurasoengana hurbiltzeko debekua ere.

Akusazio partikularraren esanetan, "tiroak jaurtitzerakoan zuhurtzia profesionaleko oinarrizko arauak urratu zituzten, bertan bildutakoen segurtasuna arriskuan jarri zutelako". Era berean, gomazko pilotekin egindako polizia-karga ez zela beharrezkoa nabarmendu du, "ez zelako pilotak erabiltzea arrazoituko zukeen egoera larririk gertatu".

Ildo horretatik, Ana Torres epaileak Cabacas auziaren inguruan emandako instrukzioa gogora ekarri du akusazio partikularrak. Izan ere, Torresek ziurtatu zuenez, "tiro egiteko baimena eman zen tokitik pertsona bat hiltzeko arriskua zegoen, buruan kolpatuz gero". Gainera, "distantzia horretan tiro egiten duen agenteak ezin du pilotak egingo duen ibilbidea kontrolatu", ziurtatu zuen epaileak.

Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan egindako elkarrizketa batean Goirizelaiak "egia osoa argitzeko" eta "justizia egiteko" itxaropena erakutsi zuen.

Cabacas auziaren instrukzioa egin duen Ana Torres Bilboko 10. Instrukzio Epaitegiko epaileak ahozko epaiketaren hasiera agindu zuen 2016ko martxoaren 31n, Ertzaintzako ofizial bat eta bi ofizialorderen kontra, baina artxibatu egin zuen erdi-mailako hiru ertzainen kontra irekitako auzia.

Geroago, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak atzera egin zuen, eta gomazko pilotak jaurti zituzten hiru ertzain horiek ere epaitzeko agindua eman zuen, auzia "presaz" artxibatu zelakoan.

Torresek bere ebazpenean adierazi zuenez, "gaztea hil zuen pilota nork bota zuen zehaztea erabat ezinezkoa da". Horren esanetan, erdi-mailako hiru arduradun horiek "tiroak botatzeko agindua eman zuten, edo ertzainek gomazko pilotak botatzea baimendu zuten, zuhurtzia profesionaleko oinarrizko arauak urratuz".

Ildo horretatik, "bertan bildutakoen segurtasuna arriskuan jarri zuten", instrukzio epailearen arabera, eta pilotekin egindako polizia-karga hori beharrezkoa ez izateaz gain, pilotak erabiltzea eskatuko zukeen egoera larririk gertatu ez zela azpimarratu zuen.

Cabacasen senide eta lagunen kontzentrazioa, Bilboko Justizia jauregiaren aurrean

ETBk grabatutako irudietatik ateratako pantaila-irudia.

Epaiketa hasi baino ordu batzuk lehenago, bart, gaztearen senideek eta adiskideek elkarretaratzea egin dute Bilboko Justizia jauregiaren aurrean.

Mobilizazioan, Manuel Cabacas hildako gaztearen aitak hitza hartu du. Bere semearekin "egindako basakeria" onartzea eta horregatik "ordaintzea" eskatu du. Manu Cabacas: "Hanka-sartze bat izan baldin bazen, nik ez dut hala uste, berdin ordaindu beharko dute".

Justizia jauregiaren aurrean gau osoan kanpaldia egiteko asmoa zuten, baina, eguraldi kaskarra ikusita, bertan behera uztea erabaki dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Cabacas auzia Bizkaiko albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Epaiketak albisteak Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea