Gizartea -

'Cabacas auzia'

Ertzaintzaren ofizial batek esan du ez zekitela gomazko pilotak hilgarriak zirenik

Ertzain horren esanetan, agente gehienek eskarmentu gutxi zuten, ez zuten mota horretako armekin esperientziarik eta horien erabileraren gaineko araudia ezezaguna zen haientzat.

'Cabacas auzia'ren epaiketaren lehen saioa. Argazkia: EFE
'Cabacas auzia'ren epaiketaren lehen saioa. Argazkia: EFE
Hasi da Iñigo Cabacas auziaren epaiketa

2:07

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

10:00ak aldera ekin diote astelehen honetan 'Cabacas auzia'ren epaiketari, Bizkaiko Lurralde Auzitegian. Han, sei ertzain hiru buru eta hiru agente— deitu dituzte deklaratzera gaurkoan, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa egotzita. Ertzaintzaren Herritarren Segurtasunerako ofizial bat izan da, hain zuzen, epaiketan hitza hartu duen lehen akusatua. Horrek esan duenez, ez zekiten gomazko pilotak hilgarriak zirenik. Kontraesanez beteta egon da lehen saioa.

Guztira, hamalau saio izango ditu epaiketak, eta ehundik gora lekuko eramango dituzte bertara. Hala, epaimahaiak guztien lekukotasunak entzungo ditu, 2012ko apirilaren 5ean Bilbo erdialdeko kalezulo hartan jazotakoa argitze aldera.

Athleticen garaipena ospatzen ari ziren egun hartan hainbat jarraitzaile, tartean, Iñigo Cabacas 28 urteko gaztea. Esan bezala, Bilbo erdialdean istilu larriak gertatu ziren orduan, eta ertzain batek jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz hil zen Cabacas gazte bizkaitarra.

"Ez genekien gomazko pilotak hilgarriak zirenik"

Gaur egun erretiroa hartuta dagoen akusatuak (bertaratutako furgonetetan zihoazenen artean ardura gehien zuena) ziurtatu du agente gehienek eskarmentu gutxi zutela. "Ez zuten mota horretako armekin esperientziarik eta horien erabileraren gaineko araudia ezezaguna zen haientzat. Alegia, besteak beste, ez zuten segurtasun distantzien berri, eta ez zekiten tiroak norantz zuzendu behar zituzten.

"Ez genekien eskopeta horiekin norbait hiltzeko arriskua zegoenik. Ordura arte ez zen sekula horrelakorik gertatu", baieztatu du.

Bere agindupean zegoen furgonetako ertzainek ez zutela tirorik egin azpimarratu du, eta kalezuloan sartu zirenerako Iñigo Cabacas larri zaurituta zegoela erantsi du. "Kale horretan kargatzearen kontrakoa nintzen", ziurtatu du.

Ertzaintzako arduradun honen arabera, Unitate Mugikorreko eta errefortzu taldeko agenteak soilik zeukaten arma horiek erabiltzeko trebakuntza. "Garai hartan, beste sailburu batekin eta beste Jaurlaritza batekin, Herritarren Segurtasunerako Unitatea saski-naskia zen", kritikatu du.

"Inork ez zuen tiro egiteko agindurik eman"

Ertzaintzako ofizialorde batek ere deklaratu du lehen saio honetan. Areiltza Doktorearen eta Poza Lizentziatuaren arteko zonaldea zaintzeko ardura zuen eta bere furgonetan zihoazen agenteak Herritarren Segurtasunerako Unitatekoak ziren. Hala ere, bere hitzetan, "trebezia eta ezagutza gehien" zuten ertzainen eskutan utzi zituzten eskopetak. Alabaina, agenteek tiro egiteko eskumena dutela esan du, beren arduradunak horretarako agindurik eman ez arren.

"Plaza jendez gainezka zegoen, gure kontrako eraso izugarria zegoela ikusi genuen eta arreta deitu zidan beste ofizialordea txapelarekin jaitsi zela ikusteak. Hainbat botila belarri ondotik igaro zitzaizkion. Gainerakoak kaskoak jantzita geunden. Orduan 'egin tiro, egin tiro', esan zuen. Nik ere tiro egiteko agindua eman nuen", azaldu du.

Tiro egiteko agindurik jaso ez zutela onartu du, baina erantsi du egoera horretan kargatzea ezinbestekoa zela ulertu zuela. "Parabolan kargatu genuen; ez zegoen beste aukerarik, trafikoa itxita ez zegoelako; segurtasunagatik jokatu genuen horrela", kontatu du.

Kontraesanak akusatuen artean

Auzipetutako ertzainek hala nabarmendu badute ere, bigarren ofizialordeak ukatu egin du tiro egiteko agindua eman zuela. "Hori gezurra da", ziurtatu du.

Bere jokabidea defendatu du, une hartako egoera ikusita tiro egitea beharrezkoa zela berretsita. Eta lehendabiziko ertzainak esan bezala, gomazko pilotak jaurtita pertsona bat hil dezaketela ez zekitela adierazi du.

Gaurko saioan deklaratu duen laugarren ertzainak, berriz, kontrakoa esan du: jakin bazekitela gomazko pilotak hilgarriak direla.

Azkeneko agenteak esan du zenbait kasutan Ertzaintzako arduradunen aginduak "kontraesankorrak" izan daitezkeela, baina "egoera hartan zuzen jokatu" zutela azpimarratu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Cabacas Bilbo Ertzaintza Bizkaia Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak