Gizartea -
Genero indarkeria
Tratu txar salaketak % 10 igo dira EAEn, eta % 19 jaitsi dira Nafarroan
10.000 emakumetik 12,85 izan dira indarkeria matxistaren biktima EAEn. Nafarroan, berriz, 10.000 emakumetik 13,92k jasan dituzte tratu txarrak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegietan genero indarkeriarekin lotutako 1.431 salaketa jaso dituzte 2018ko bigarren hiruhilekoan. Horrek esan nahi du aurreko urteko datuekin alderatuta, % 10,5eko hazkundea izan dutela tratu txar salaketek, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren estatistiken arabera.
Datu horiek erakusten dutenez, 1.452 emakumek 1.431 salaketa jarri zituzten. Horrenbestez, salatzaileen kopurua % 12,2 hazi da, iaz 1.294 izan baitziren.
Hori horrela, indarkeria matxistaren biktimen batezbestekoa hauxe da EAEn: 10.000 emakumetik 12,85, Estatuko batezbestekoa baino baxuagoa (16,89koa da han).
Horrekin batera, EAEko auzitegiek jarritako babes aginduak aztertu ditu Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak. Guztira, 201 eskaera jaso zituzten apiriletik ekainera: horietatik 10 aurkeztu eta batera ukatu zituzten, eta, beraz, ez zituzten bideratu; beste 75 aztertu bai, baina errefusatu egin zituzten, eta gainerako 116ak onartu egin zituzten.
Nafarroan % 19 jaitsi dira salaketak
Nafarroan, genero indarkeriagatik aurkeztutako salaketa kopuruak % 18,9 egin du behera urteko bigarren hiruhilekoan.
Nafarroako epaitegiek 455 salaketa jaso zituzten; iaz, berriz, 561. Txosten horrek argitu duenaren arabera, horietatik % 6,2k (28 emakumek) ez zuen bikotekidearen edo bikotekide ohien aurka deklaratu nahi izan.
Hortaz, 10.000 emakumetik 13,92k jasan dituzte tratu txarrak Nafarroan; aurreko urtean 18,73k.