Gizartea -

Aurkikuntza

XVI. mendeko bost ontzi handi topatu dituzte Donostiako Alde Zaharrean

San Lorenzo kaleko eraikin batean aurkitu dituzte, igogailua jartzeko lanetan, etxeko ataria zulatu dutenean. Baleen koipea gordetzeko erabiltzen zituzten ontziak.

Donostian topatutako ontzietako bat. Argazkia: EFE
Donostian topatutako ontzietako bat. Argazkia: EFE
Donostian topatutako ontzietako bat. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak asteazken honetan jakinarazi duenez, Donostiako Alde Zaharreko eraikin batean XVI. mendeko bost olio-treska handi topatu dituzte. Baleen koipea gordetzeko erabiltzen omen ziren.

Aurkikuntza San Lorenzo kaleko 4. zenbakian dagoen eraikinean egin zuten joan den ostegunean. Igogailua jartzeko lanetan ari zirenean, etxeko ataria zulatu zuten eta orduan topatu lehen ontzia. Astelehenean, berriz, beste lau aurkitu zituzten.

Aranzadi zientzia-elkarteko adituak arduratu dira obraz eta ontziak lurpetik ateratzeaz; izan ere, Alde Zaharra zonalde arkeologiko izendatu zuten eta bertan edonolako lur-mugimendu egiteko ezinbestekoa da Foru Aldundiak baimendutako arkeologia proiektu bat izatea. Eraikin horretako obraren egitasmoa Aranzadi elkarteko Alfredo Moraza arkeologoak idatzi zuen.

Gauzak horrela, Foru Aldundia eta Aranzadi elkarlanean ari dira ontzi guztiak inolako kalterik egin gabe atera eta gordetzeko.

Aipatzekoa da ez dela lehen aldia horrelako ontziak Alde Zaharreko zorupean agertzen direla. 1998an, adibidez, Bretxan egin zituzten hondeaketa-lanetan hamar ontzi topatu zituzten. XVI. mendean Andaluzian egindakoak ziren.

Ontzi horiek oliba-olioa edo baleen koipea gordetzeko erabiltzen ziren eta etxeko sotoan pilatzen zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Euskal hiriburuak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Donostiako Alde Zaharra Aranzadi Zientzia Elkartea Arkeologia albisteak