Gizartea -
Ezbehar larria
16 hilabeteko haurtxo bat hil da Madrilen pertsiana baten sokarekin itota
Lehenengo hipotesien arabera, umetxoa sehaskatik jaisteko ahaleginetan ari zela, pertsianaren sokarekin urkatu zen, nahi gabe.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hamasei hilabeteko haurtxo bat hil da itota Madrilen, Barajas barrutian. Sehaskatik ateratzeko ahaleginetan zebilela, lepoa pertsianaren sokarekin korapilatu omen zitzaion, Madrilgo Erkidegoko larrialdi zerbitzuetako iturriek jakinarazi dutenez.
Ezbeharra asteazkenean gertatu zen, 18:00ak aldera, Borox kaleko etxebizitza batean, Corralejos auzoan. Lehenengo hipotesien arabera, umetxoa sehaskatik jaitsi nahian ari zela, pertsianaren sokarekin urkatu zen, nahi gabe.
SUMMA 112 Madrilgo larrialdi medikoetarako zerbitzuetako kideak ezbeharra jazo zen etxebizitzara heldu zirenean, bihotz-birikak geldituta zituela aurkitu zuten haurtxoa, eta sendagileek ezin izan zuten ezer egin umea bere onera ekartzeko.
SAMUR zerbitzuko psikologoek umetxoaren gurasoak eta zaintzailea artatu behar izan zituzten, eta Polizia Nazionalak bere gain hartu zuen ikerketa, heriotza nola gertatu zen zehaztasunez jakin ahal izateko.