Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon bat atxilotu dute Bilbon adingabe bati sexu-erasoak egiteagatik
29 urteko atxilotuak biktimaren ikastetxean lan egiten zuen. Abusuak eta erasoak 2017ko azarotik 2018ko maiatzera bitartean gertatu ziren.
Agentziak | Erredakzioa
29 urteko gizon bat atxilotu zuten asteazkenean, Bilbon, sexu-askatasunaren aurkako delitu bat egotzita. Atxilotuak biktimaren ikastetxean lan egiten zuen, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Adingabe baten aurkako sexu-erasoaren berri izan zuen Ertzaintzak iragan asteazkenean, Bilbon. Dirudienez, erasotzaileak gaztea ikastetxean ezagutu zuen. Abusuak eta erasoak 2017ko azarotik 2018ko maiatzera bitartean gertatu ziren.
Hasiera batean, argazkiak biluzik eskatu zizkion gizonak adingabeari, baina denbora pasa zenean biktimarengana gehiago hurbildu zen, ikastetxeko komunetan sexu-abusuak eta erasoak gertatzera arte.
Gurasoek egoeraren berri izan zutenean, Ertzaintzaren aurrean salaketa aurkeztu zuten. Ertzainek ustezko erasotzailea atxilotu zuten asteazken goizean, Bilbon, sexu-askatasunaren aurkako delitua leporatuta.
Atxilotua epailearen esku utzi zuten atzo, eta honek gizona aske utzi zuen, baina biktima babesteko neurriekin. Horrela, adingabearengana hurbiltzeko debekua ezarri diote.