Gizartea -
NAFARROA
Adingabe bat ikertzen ari dira Nafarroan, beste hiruri estortsioa egitea egotzita
Mezuak bidaltzeko aplikazio baten bitartez egiten zituen mehatxuak. Dirua eskatzen zien biktimei, beraiei edo beren gurasoei minik ez egitearen truke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroan, Guardia Zibila 16 urteko mutiko bat ikertzen ari da, beste hiru adingaberi estortsioa egitea leporatuta. Guardia Zibilak jakinarazi duenez, dirua eskatzen zien biktimei, beraiei edo beren gurasoei minik ez egitearen truke.
Biktimetako batek bere gurasoei eman zien pairatzen ari zen jazarpenaren berri, eta horiek salaketa aurkeztu zuten Guardia Zibilaren aurrean. Adin txikikoak agenteei azaldu zienez, ikaskide ohi batek mehatxu egiten zion mezuak bidaltzeko aplikazio baten bitartez.
Salaketa jarri zuen adin txikikoaz gain, erasotzaileak beste bi ere mehatxatu zituela azaleratu zuen ikerketak. Beste bi horiei ere, dirua eskatzen zien min fisikoa ez egitearen truke. Aldi bakoitzean 50 euro eskatzen zizkien, eta guztira 500 euro inguru lortu zituen, hirurek emandako guztia batuta.
Guardia Zibilak deklarazioa hartu zion ustezko delitugileari, ikertu gisa, eta Nafarroako Adingabeen Fiskaltzaren utzi zituen ikerketaren izapideak.
Biktimak (14 eta 16 urteko adingabeak) Iruñerriko hezkuntza zentro bateko kideak dira denak, Guardia Zibilaren arabera.