Gizartea -

Cabacas auzia

Arkautiko zuzendari ohia: 'Eskopetekin errebotean tiro egiten da, sekula ez zuzenean'

“Inori kalterik ez egiteko” premisarekin ertzainak trebatzen dituztela adierazi du Elena Morenok. Dispositibo bateko ertzainak buruzagi “naturalaren” esanetara daudela erantsi du.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Elena Morenok esan du agenteek ezin dutela gerritik behera tiro egin

1:39

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elena Morenoren hitzetan, eskopetekin beti “errebotean” tiro egin behar dela irakatsi diete ertzainei, “sekula” ez zuzenean. Iñigo Cabacas gomazko pilota batekin buruan larri zauritu zutenean Arkautiko (Araba) Ertzaintzako Akademiaren zuzendaria zen Moreno.

Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea da egun. Epaiketaren laugarren saioan testigantza eman du Arkautiko zuzendari ohiak. Ertzaintzako sei kideri homizidio delitu bat egotzi diete, baita arduragabekeria profesionala ere. 2012ko apirilak 5ean, Athletic-Schalke 04 norgehiagoka San Mamesen bukatu ondoren, Cabacas larri zauritu zuen Ertzaintzaren karga batek.

Testigantzan, desordena publikoei aurre egiteko, Ertzaintzaren trebakuntza defendatu du Arkautiko zuzendari ohiak. Morenoren ahotan, gomazko pilotekin tiro egiteko gutxieneko distantzia 25-50 metro artekoa da, eskopetako ahokoaren ahokaduraren araberakoa (batezbeste 35 metro).

Hala ere, eskopetekin “beti errebotean” tiro egiten da eta “sekula” ez zuzenean, Morenok zehaztu duenez. “Inori kalterik ez egiteko” premisarekin ertzainak trebatzen dituztela gaineratu du.

Dispositibo bateko ertzainak buruzagi “naturalaren” esanetara daudela azpimarratu du, eta azken hori operazioko arduradunaren aginduetara dago.

Eskuliburuen arabera, Poliziaren erantzuna “neurrizkoa” izan behar da jendetzaren aurrean, “ez bereizi gabe”, Morenok nabarmendu duenez.

13 lekukok deklaratu dute gaur epaiketan. Horien artean, gau hartan Ertzaintza heldu baino lehen, borroka batean zauritu ziren bi gaztek testigantza eman dute. Larrialdi zerbitzuei abisua eman zieten, erasoaren berri emateko.

Horietako batek “odoleztaturik” amaitu zuen, masailalbo-hezurra eta sudurra hautsita. Bi ebakuntza egin behar izan zizkioten. Ertzainak heldu zirenean, erasoa salatzeko beraiengana jo zuen, baina agenteak tiro egiten hasi ziren, eta korrikan ospa egitea erabaki zuen, bigarrenak azaldu duenez.

Lekuko bat: "Karga basatia izan zen, gehiegizkoa, inolako kontrolik gabea"

“Karga basatia izan zen, gehiegizkoa, inolako kontrolik gabea”, salatu du beste lekuko batek. Jai giroan murgilduta, Athleticen garaipena ospatzen ari zirenean, ertzainek eskopetak horizontalean zeramatzatela gogorarazi du.

Tokian egon ziren lekuko askok azaldu dutenez, karga hasi baino lehen ez zuten ertzainen abisurik entzun.

“Jotzera tiro egiten zuten”, ziurtatu du gazte batek. “Bi borra-kolpe” jaso eta lurrera erori zen, ertzain bati anbulantzia deitzeko eskatzen ari zitzaionean, beste gazte bat lurrean zauriturik ikusi zuelako.

Lekuko horren esanetan, lau hilabete bajan eman zituen lesioengatik, eta 12.000 euroko kalte-ordaina jaso zuen.

“Horizontalean tiro egiten zuten”, errepikatu du beste gazte batek. Honek Cabacas lur gainean artatu zuen. “Buruaren atzealdea odoletan zuen” eta “dar-dar egiten hasi zen”, adierazi du.

“Ikaratu ginen” eta “ertzainak berriz interpelatu genituen”, baina “denbora pasatzen ari zen” eta anbulantziarik ez zen heldu, deitoratu duenez. Beste gazte batek baieztatu du: laguntza eskatu zenean, “ez zuten jaramonik egin”.

Zenbait lekukoren hitzetan, kalezuloan objekturen bat jaurti zieten ertzainei -“pare bat katxi”, horietako baten ahotan-, “ondorengo karga justifikatzeko ezer”.

Alboko Poza kalean, kaputxadunek edukiontziak irauli eta objektuak bota zituzten, gazte batek baieztatu duenez.

Kalezuloan “ikara” eta “erabateko kaosa” bizi izan zutela esan du Cabacasen lagun batek. Kargatzeko “arrazoirik ez” zela errepikatu du.

Azkenik, bertaratu zen anbulantziaren kide batek deklaratu du gaur. Zonaldeari buelta eman ziotela azaldu du, “segurua” ez zelako. Ibilgailua heldu zenean Ertzaintzak tiro egiten ez zuela zehaztu du osasun-langileak. “Jendeak gauzak botatzen zituen”, adierazi du. Beranduago ertzain bat bila etorri zitzaien, kalezuloan zauritu bat zelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Iñigo Cabacas Bilbo Basauri Ertzaintza Bizkaia Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak