Gizartea -

Iragarpena

Elurra, 1.000 metrotik behera asteburuan

Ordutegi aldaketarekin bat eginda, negu itxurako giroa nagusiko da: tenperaturak nabarmen jaitsiko dira eta euria gogotik egingo du; txigorra ere bota lezake.

Gure mendiak zuri ikus ditzakegu asteburuan. Andoni Azak Urduñan ateratako argazkia
Elurra Urduñan. Andoni Aza
Gure mendiak zuri ikus ditzakegu asteburuan. Andoni Azak Urduñan ateratako argazkia

Eider Garaikoetxea | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eguraldi makurra, kaskarra, bustia, hotza... Adjektibo asko jar diezazkiokegu asteburu honetako eguraldiari, eta  bete-betean asmatuko dugu horiekin guztiekin. Joerari erreparatuta behintzat, halako iragarpena egin du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak. Izan ere, denetik izango dugu: erruz botako du euria, tenperaturak 10 bat gradu jaitsiko dira, eta elur-kota 1.000 metrotik behera kokatuko da.

Egun lasai batzuk izan ostean, ostiralerako goitik eta behera aldatuko da aroa. Iluntzerako, fronte bat sartuko da, eta goi geruzatan kokatutako aire masa hotza lagun, negu giroa nagusituko da denean. Zerua oso hodeitsu egongo da, eta euria goian-behean egingo du. Ekaitzak joko du, eta txingorra ere bota lezake.

Larunbatean, negu beteko giroa izango da, giro petrala. Euriari eta haizeari, tenperaturaren eta elur-kotaren jaitsiera erantsi behar zaizkie. Tenperatura maximoak 8 ºC inguru jaitsiko dira, eta tenperatura "beroenak" 10 graduren bueltan kokatuko dira kostaldean eta barnealdean. Zerua nahikoa estalita egongo da egun osoan. Zaparrada mardulak aurreikusi dituzte, batez ere isurialde atlantikoan, eta zerbait gutxiago bustiko du hegoaldean. Isurialde atlantikoan, baliteke zaparradak trumoitsuak izatea eta txingorra egitea, bereziki egunaren bigarren partean. Ipar-mendebaldeko haizeak gogor joko du, eta kostaldean eta Nafarroa hegoaldean espero dira bolada gorrenak. Haizeak eta hezetasunak hotz sentsazioa areagotuko dute. Elur-maila 1.000 metrora egongo da goizean, baina 1.000 metrotik behera jaitsiko da eguerditik aurrera.

Igandean, are gehiago jaitsiko dira tenperaturak: kostaldean ez dira 10 ºC-ra ailegatuko, eta barnealdean 5 ºC inguruan kokatuko dira. Haizeak iparraldetik joko du, bolada gogorrekin. Horrez gain, bota ahalean ibiliko da. Elur-kota 1.000 metrotik behera kokatuko da goizaldean.

Neguko arropak armairutik ateratzeko unea heldu da, bada. Eta bada gehiago! Asteburu honetan ordutegi aldaketa dugu: igandean, neguko ordutegia sartuko da indarrean. Badirudi eguraldiak ere urtaro aldaketa egin nahi duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Elurra Eguneko albisteak Albisteak Ekaitzak