Gizartea -
Trafikoa
A-15 autobia itxita egongo da urriaren 27tik 29ra, Berastegi eta Andoain artean
San Lorentzo-Larre tuneleko lanak direla eta, autobia itxita egongo da, bi noranzkoetan, larunbateko 08:00ak eta asteleheneko 08:00ak bitartean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
A-15 autobian, Iruñeko noranzkoan, egiten ari diren San Lorentzo-Larre tunelaren konponketa-lanak astelehenean bukatuko dituzte, ia lau hilabeteren ostean. Hori dela eta, autobia itxita egongo da asteburu honetan.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar baten bidez jakitera eman duenez, larunbatean eta igandean behin-behineko saihesbidea mugatzen zuten elementuak kendu, eta azken probak egingo dituzte, tunela ireki aurretik.
Horrela, larunbateko 08:00ak eta asteleheneko 08:00ak bitartean, autobia itxita egongo da, bi noranzkoetan.
Batetik, Andoaingo noranzkoan errepidea ixten dutenean, A-15tik doazen ibilgailuek Berastegiko loturan egin beharko dute bira, eta GI-2130etik iritsiko dira Tolosara. Han, N-1 errepidea hartu beharko dute, eta, azkenik, Sorabillako loturan, A-15era itzuliko dira berriro.
Iruñeko noranzkoan, berriz, Sorabillan egin beharko dute bira, N-1 errepidetik jarraitu, eta Tolosa eta Ibarratik sartu GI-2130era. Ondoren, A-15era sartuko dira berriro, Berastegitik.
Esan bezala, Andoaingo noranzkoan, Berastegiko loturatik itxiko dute errepidea. Iruñeko noranzkoan, ostera, Sorabillako loturatik.