Gizartea -
MEMORIA HISTORIKOA
1936an Zaragozan fusilatutako 200 nafar omendu dituzte Torreroko hilerrian
Monolitoa eraiki dute euren omenez. Hildako pertsonen senitartekoek emandako "bizitzako lezioa" nabarmendu du Ana Ollo Nafarroako Gobernuko kontseilariak aitortza ekitaldian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zaragozan, Torreroko hilerrian jarri duten monolito batek 1936ko kolpe militarraren hasieran San Gregorio eremuan fusilatu eta hobi komun batean lurperatu zituzten nafarrak gogoratzeko balioko du gaurtik aurrera; Sanjurjo Tertzioari atxikitako 200 biktima nafar, hain zuzen ere.
Ana Ollo Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria buru izan duen aitorpenezko ekitaldiak babes instituzional zabala izan du: Nafarroako Gobernuko, Nafarroako Parlamentuko eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkariak izan dira bertan, baita Zaragozako Udalekoak ere.
Jendaurreko agerraldian, Ollo kontseilariak esan du ekitaldiaren helburua ez dela soilik "bidegabeko eta justifikaziorik gabeko indarkeria" jasan zuten biktimen memoria berreskuratzea. Horrekin batera, haien senitartekoen "lana eta konpromisoa" aldarrikatu nahi duela, euren esfortzuari esker deshobiratu baitzituzten gorpuzkiak duela 40 urte. Orduko ahalegina, kontseilariaren iritziz, "giltzarri izan zen memoria, egia eta justiziaren erreibindikazioan".
Horren harira, eskerrak eman dizkie biktimen senitartekoei eskaini duten "bizitzako lezioagatik". "Egiaren eta justiziaren aldeko konpromisoagatik, beste biktima batzuei adierazi dieten elkartasunagatik, memoria aldarrikatzeko egin duten lanagatik eta bizikidetzarako bidea erakustean frogatu duten eskuzabaltasunagatik", "ezinikusi eta gogorrotik gabe, gertatutakoaren memoria erreklamatuz eta basakeriak eragindako bidegabekeriaren eta atsekabearen iraganeko oroimena aldarrikatuz, bakearen, askatasunaren, demokraziaren eta Giza Eskubideen alde hartu dugun egungo konpromisoa finkatu eta indartzeko", gaineratu du.
Ekitaldia
Ollo kontseilariarekin batera, ekitaldian izan dira Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarez, NUKFeko lehendakari Pablo Azcona, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo, Zaragozako alkate Pedro Santisteve eta Sartagudako alkate Paolo Albanese, baita Parlamentuko kideak, biktimen sorterrietako udal ordezkariak, memoria elkarteetako kideak eta biktimen 150 senitarteko inguru ere.
Ekitaldia Nafarroako Ereserkiarekin hasi da, eta ondoren, hitza hartu dute Zaragoza eta Sartagudako alkateek, eraildakoen senitartekoek (Paulino Molinet Martínez, Puri Pérez Jaso eta Arcadio Ibañez) eta Ollo kontseilariak.
Jarraian, oroimenezko monolitoa estalgabetzeari ekin diote, aurresku baten eta jota baten doinupean. Ekitaldia amaitzeko, bertaratutakoek lore-eskaintza egin dute eskulturaren aurrean.
Omenaldian izandako musika interpretazioen artean, nabarmendu behar da Zaragozan hil eta ehortzitako pertsona haietako baten biloba eta birbiloba diren Maite Renek eta honen seme Josu Zabalak eskainitako kantua.
Eskultura Javier Unzuerena da. Besoak jasota eta bularrean zulo bat duen gizon burumakura irudikatzen du. Esanahi bikoitza du. Alde batetik, hildakoak irudikatzen ditu, fusilatu zituzten unean eta besoak jasota, bala batek bihotza zulatzen zien bitartean. Bestetik, hemen gelditu ziren senitartekoen sufrimendua gogoratzen du, atsekabeak urratuta, besoak jasota, eta galdutako senitartekoaren hutsunea bihotzean dutela.
Honela hil zituzten
1936ko udan, gizon asko behartu zituzten Sanjurjo Tertzioan izena ematera eta altxatuen tropetan borrokatzera, errepresiotik eta heriotza-mehatxutik ihes egiteko bide gisa.
Horrela, Aragoi, Nafarroa, Errioxa eta Soriako hainbat herritatik bildutako 600 gizon baino gehiago Zaragozara eraman zituzten, eta handik, Almudevarren kokatuta zegoen frontearen lerrora. Hara iritsi ziren irailaren 29an, borrokan sartzeko prest.
Hala ere, altxatutakoen agintari militarrek, desertzio masiboa gertatzeko arriskua ikusten zutenez, zigor eredugarria ematea erabaki zuten. San Gregorioko eremura itzuli zituzten eta, urriko lehendabiziko egunetan, gizon haietako asko hotz-hotzean hil zituzten. Sarraski hartan, 224 nafar fusilatu zituztela kalkulatzen da. Haien gorpuak Torreroko hilerrira kamioietan garraiatu eta hobi komun handi batean lurperatu zituzten.
Haien senitartekoek ez zituzten behin ere ahantzi, baina 40 urtez itxaron behar izan zuten gorpuzkiak hilobitik ateratzeko. Zaragozako Udalaren baimena lortu ondoren, 1979ko otsailaren 10ean, Nafarroako eta Errioxako 16 herritatik joandako senitartekoek gorpuzkiak hilobitik ateratzeari ekin zioten. Zenbait egun geroago, 600 pertsona baino gehiagok hartu zuten parte gorpuzkiak senitartekoei emateko ekitaldian.