Gizartea -

doako laguntza juridikoa

Genero indarkeriaren biktimei babesa indartuko zaie abokatua prozesu osoan mantenduta

Doako justizia-sistemaren kudeaketan ahalik eta eraginkortasun handiena lortzea da dekretu horren helburu nagusia. Iaz 21.564 pertsonak erabili zuten doako justizia-sistema.

Indarkeria matxistaren kontrako protesta. Artxiboko argazkia: EFE
Indarkeria matxistaren kontrako protesta. Artxiboko argazkia: EFE
Indarkeria matxistaren kontrako protesta. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak doako laguntza juridikoari buruzko dekretua onartu du astearte goiz honetan, zeinen bitartez genero indarkeriako biktimei prozesu osoan zehar ofiziozko abokatu bera izango dutela bermatzen zaien. Era berean, zerbitzu hori eskaintzen duten abokatuei ordaintzeko indarrean dauden zenbatekoak % 2 handituko ditu.

Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia sailburuak azaldu duenez, dekretu horren helburu nagusietako bat da ahalik eta eraginkortasun handiena lortzea doako justizia-sistemaren kudeaketan. San Joseren esanetan, “pertsonen funtsezko eskubide bat da benetako babes judiziala bermatuta izatea, haien baliabide ekonomikoak edozein izanda ere”.

Goizean egindako agerraldian zehaztu duenez, iaz 21.564 pertsonak erabili zuten doako justizia-sistema. Gauzak horrela, kudeaketan efizientziarik handiena lortzeko helburua du Jaurlaritzak.

Lan eta Justizia sailburuaren esanetan, genero indarkeriarekin zerikusia duten kasuetan jardun behar duten ofiziozko abokatuek 4.150 kasuren berri izan zuten iaz; hau da, arlo horretan doako laguntza juridikoa eskatu duten pertsonen kopuruak % 10 egin du gora azken urtean. Arrazoi horregatik, indarkeria matxistarekin lotutako kasuetarako modulu espezifikoak sortu dituztela esan du San Josek, eta konplexutasun bereziko kasuetan modulu bereziak jarriko dituzte martxan.

Bestalde, dekretu horretan bilduta dauden artikuluek abokatutzako eta prokuradoretzako profesionalen elkargoen adostasuna lortu dute.

Eusko Jaurlaritzak 14,6 milioi euro bideratu ditu aurten doako laguntza juridikora, eta 2019ko Aurrekontu Proiektuan % 3,4ko igoera aurreikusi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea