Gizartea -
LABAR ARTEA
Orain arte ezagutzen den labarretako margorik zaharrena aurkitu dute Borneo uhartean
Identifikatu gabeko animalia horren irudiak 40.000 urte inguru ditu, adituen kalkuluen arabera.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Indonesiako Borneo uharteko kobazulo batean aurkitu dute orain arte ezagutzen den labarretako pinturarik zaharrena (40.000 urte), Nature zientzia aldizkariak argitaratutako ikerketa baten arabera.
Australiako Queensland estatuko Griffith unibertsitateak gidatutako ikerketaren arabera, Borneo uharteko Kalimantan probintzian aurkitutako margoak Asia hego-ekialdeko "Izotz Aroko artisten lanak dira".
Labarretako arteari buruz aurrez egin diren lanak babesten ditu ikerketa horrek. Denbora askoan kontrakoa uste izan bada ere, lehendabiziko labarretako pinturak ez ziren Europan agertu.
Griffith unibertsitateko Maxime Aubert ikerlariak ohar bidez jakinarazi duenez, Izotz Aroko artista horiek rol garrantzitsua izan zuten (labarretako artearen) eboluzioan, duela 40.000 urte.
Zehatz-mehatz esanda, aurkitutako margo hori identifikatu gabeko animalia bat da, segur aski Borneoko oihanetan oraindik ere bizi den animalia basati batena. Ikertzaileen esanetan, gutxienez 40.000 urte ditu pinturak, eta, beraz, orain arte ezagutzen den zaharrena da.