Gizartea -

Black Friday

‘Black Friday’ egunean iruzurrak saihesteko gomendioak

Azaroaren 23an egingo duten Ostiral Beltzari begira, Euskadiko kontsumitzaileen elkarteek hainbat aholku eman dituzte zentzuz eta arriskurik gabe kontsumitzeko.

'Black Friday' eguneko deskontuak. Argazkia: EFE
'Black Friday' eguneko deskontuak. Argazkia: EFE
'Black Friday' eguneko deskontuak. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

‘Black Friday’ eguna dela eta, deskontu eta eskaintza bereziak eskainiko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko saltoki gehienetan azaroaren 23an. Euskadiko kontsumitzaileen elkarteek zenbait gomendio eman dituzte Ostiral Beltzean herritarrek zentzuz eta arriskurik gabe kontsumitzeko.

Kontsumitzaileek dendetan deskontuak egin dituztela pentsa dezaten, Black Friday iritsi aurreko egunetan hainbat enpresak produktuen prezioak igotzen dituztela adierazi du FACUAk.

Hori dela eta, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunak (EHKB) merkatua aztertu eta prezioak alderatzea gomendatzen du. Elkarte horren abokatuak, Isabel Gorostiagak, hainbat aholku ematen ditu: Ostiral Beltzaren aurreko egunetan erosi nahi duguna garestiago zegoela baieztatu, beherapena ondo egin dutela ziurtatu eta erosketak benetan merezi duen pentsatu.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak ere eman ditu aholkuak, produktuak alderatzen dituzten webguneen bidez prezioen jarraipena egitea gomendatu du, eta ohartarazpen bat egin du gainera: “produktuek bi prezio izan behar dituzte, merkatu aurrekoa eta merkatu ostekoa, BEZa barne”.

Erosketei eurei dagokienez, EHKBeko abokatuaren esanetan, merezi du kontsumitzaileek gastatzeko aurrekontua zehaztea, eta “deskontu bereziak ahaztea eta behar duguna bakarrik erostea”. Ildo horretan, FACUAren arabera, ezer erosi aurretik hiru gauza izan behar dira kontuan: prezioa benetan zentzuzkoa duen, produktua beharrezkoa dugun eta zorpetze-maila gehiegi haztea ekarriko duen edo gastu onargarria den.

Interneten erosi nahi izanez gero, erosketak kreditu-txartelak erabiliz egiteko gomendatu du kontsumitzaileen elkarte horrek, transferentziak alde batera utzita. Horrez gain, protokolo segurua erabiltzen duten webguneetan erostea aholkatu dute, hau da, helbidean “https” siglak dituzten webguneetan.

Itzultzeak

Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunaren arabera, produktu bat itzuli nahi izanez gero, kaleko dendek ez dute erositako arropa aldatu edo dirua itzuli behar, eta, gainera, “merkealdian edo beherapenak egiten dituzten garaian saltokiek zenbait baldintza berezi ezar ditzakete”. Elkarte horren esanetan, uko egin ahal diote txartel bidezko ordainketak onartzeari eta itzulketak egiteko politika alda dezakete, betiere neurri horiek “argi eta ikusteko moduan” iragarriz gero.

Azkenik, bermeari dagokionez, erosketa egiaztatu ahal izateko ordainagiria edo faktura beti gorde behar dela jakinarazi du EHKBk. Kontsumobideren arabera, produktu berrien bermea, legez, bi urtekoa da eta bigarren eskukoena, gutxienez, urtebetekoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak Kontsumoari buruzko albisteak KontsumoBIDE gaur Neguko merkealdia