Gizartea -

Neguko Bidezaintza Plana

300 bat ibilgailu izango dira neguan EAEko errepide-sareko zirkulazioa bermatzeko

Neguko Bidezaintza Plana jarraipen eta informazio fasea elur-maila 1.000 metroan kokatzen denean aktibatuko da, eta fase operatiboa, berriz, elur-maila 700 metrora jaisten denean.

Elur makina EAEn. Artxiboko argazkia: ETB
Elur makina EAEn. Artxiboko argazkia: ETB
Elur makina EAEn. Artxiboko argazkia: ETB

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elurra kentzeko makinak, garabiak eta laguntzako eta zaintzako ibilgailuak, guztira 300 bat baliabide mugikor izango dira aurtengo neguan EAEko errepide-sareko zirkulazioa bermatzeko.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak gaur goizean aurkeztu du 2018-19ko Neguko Bidezaintza Plana Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, Bilbon, egindako bileran. Bertan izan dira Ertzaintzaren, foru-aldundien, autobideen, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zerbitzuaren eta Gobernu zentralaren ordezkariak.

2018-19ko Neguko Bidezaintza Plana (NBP) jarraipen eta informazio fasea elur-maila 1.000 metroan kokatzen denean aktibatuko da, eta fase operatiboa, berriz, elur-maila 700 metrora jaisten denean.

2018-19ko neguan, elurra kentzeko foru aldundien eta autobideen 185 makina, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko puntu estrategikoetan kokatuko diren Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren 7 garabi astun eta beste 130 ibilgailu izango dira koordinazio eta zaintza lanetarako. Horiei Ertzaintzaren lurraldeko trafiko-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila-kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin sendotu eta osatu ahal izango da.

Negualdiko lehenengo elur-prezipitazioak ohikoa baino lehenago iritsi dira aurten. Hori dela eta, larunbatean, urriaren 27an, aktibatu zen lehenbiziko aldiz NBPren jarraipen eta informazio fasea, eta fase operatiboa, berriz, asteleheneko, urriaren 29ko, gauerditik eguerdira arte, elur-maila 700 metrotik behera jaitsi zenez Euskadiko hainbat puntutan, nahiz eta ez zuen eragin handirik izan errepide-sare nagusiko zirkulazioan.

NBP 17 aldiz aktibatu zen 2017-2018ko neguan

2017-18ko neguan plana aurreko urteetan baino askoz ere gehiagotan aktibatu behar izan zen. Jarraipen eta informazio fasea 17 aldiz aktibatu zen (aktibazioak 2016-17ko neguan baino 9 gehiago eta 2015-16an baino 6 gehiago izan ziren). Fase operatiboa, berriz, 10 aldiz aktibatu behar izan zen 2017-18-ko neguan (aurreko ekitaldiko aktibazioak baino 4 gehiago eta 2015-16an baino 2 gehiago).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Elurra Eguneko albisteak Albisteak Hotz siberiarra