Gizartea -
BEC
35.000 pertsona baino gehiago egon dira BECen, Stock Euskadi 2018 azokan
Asteburuan zehar Barakaldoko BECera joan zen pertsona bakoitzak hiru erosketa egin ditu, batez beste, Francisco de la Sierra ekitaldiko zuzendariaren esanetan.
AGENTIZAK | ERREDAKZIOA
35.092 pertsona egon dira azaroaren 9tik 11ra BECen antolatutako Stock Euskadi feriaren XV. edizioan. Egun arrakastatsuena, bisitari kopuruari dagokionez, larunbata izan da; antolatzaileen esanetan, egun horretan 16.000 pertsona baino gehiago bildu baitira bertan.
Francisco de la Sierra Stock Euskadiko zuzendariaren hitzetan, 10.700 salmenta egin dira; hau da, feriara joan den pertsona bakoitzak, batez beste, hiru erosketa egin ditu. De la Sierraren ustez, feriatik pasatu den publikoak interesa erakutsi du.
Erakusmahaiak
Guztira, 145 marka bildu dira BECen asteburuan, eta pozik agertu dira bertan egindako salmenta kopuruarekin.
Kontsumitzaileak ere pozik atera dira. Pabiloian bertan egindako inkesta baten arabera, BECen egondako gehienek Stock Euskadiko hurrengo edizioetara joateko asmoa dutela esan dute, eta ferian produktu “onak” aurkitu dituztela gaineratu dute.
Stock Euskadi feriaren edizio honetan, aurreko urteetan egondako markak izan dira (Privalia, adibidez, bigarren urtez jarraian egon da bertan) baina lehen aldiz parte hartu duenik ere izan da (Pepe Jeans eta Xti, besteak beste). Azken horren arduradunek “oso balantze positiboa” egin dute eta hurrengo edizioan errepikatzea espero dute.
Sare sozialak
Stock Euskadik Interneten eta sare sozialetan duen tokia handitu du azken egunetan. 2.000 pertsonak jaitsi dute feriaren aplikazio berria, eta, gainera, Instagramen eta Facebooken guztira 18.000 jarraitzaile berri lortu ditu.
Stock Euskadi 2019
Hurrengo edizioa 2019ko udaberrian egingo dute, toki berean, eta, feria horren zuzendariaren arabera, “erakusketariek izena emateko epea laster irekiko da”.
De la Sierrak iragarri duenez, edizio berri bakoitzean, hainbat aldaketa egongo dira erakusketariei nahiz publikoari zuzenduta.