Itxi

Gizartea

Epaia

Abusuengatik 11 urteko kartzelaldia ezarri diote Gazteluetako irakasle ohiari

Agentziak | Erredakzioa

Zigorra akusazio partikularrak egindako eskaeraren ildotik doa, nabarmen handitu baitu Fiskaltzak egindako eskakizuna. 11 urteko inhabilitazioa eta 15 urterako urruntze-agindua ere ezarri dizkiote.

1:50

Bizkaiko Auzitegiak 11 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Gaztelueta (Leioa, Bizkaia) ikastetxeko J.M.S. irakasle ohiari, sexu-abusuen delitu jarraitua egotzita. Gazte batek hezitzailea salatu zuen mutiko zela (2008-2009 eta 2009-2010 ikasturteetan, artean 12 eta 13 urte zituela) abusuak egin zizkiolako. Epaiketa urrian izan zen, eta gaur, ostegunarekin, atera da epaia. Ez da irmoa, eta Auzitegi Gorenean helegitea jar daiteke.

Fiskaltzak egindako zigor-eskaeratik urrun dago ezarritako zigorra. Izan ere, erakunde publikoak hiru urteko espetxealdia galdegin zuen, baina gaur egungo Zigor Kodea kontuan hartuta, 20 hilabeteko ordezko zigorra ere planteatu zuen. Azken ondorioetan argudiatu zuenez, maisuak adingabeari sexu-abusu jarraituak egin zizkiola frogatuta geratu zen epaiketan, baina abusu larrienak egiaztatu ezin izan zirela.

Akusazio partikularrak, gaztearen abokatuek, 10 urteko kartzela-zigorra eta 14 urteko beste ordezko bat (nagusitasunaz eta konfiantzaz abusatzea astungarri gisa kontuan hartuz gero) eskatu zuten. Defentsak, berriz, absoluzioa.

Azkenean, 11 urteko kartzela-zigorra ezartzea ebatzi du Auzitegiak. Horrez gain, beste horrenbeste urteko gaitasungabetzea eta 15 urtez biktimarengana ez hurbiltzeko agindua ezarri dizkio auzipetuari.

70 orrialdeko epaiak frogatutzat jo du irakasle ohiak ikasleari egindako sexu-abusu jarraituak.

Biktimak bi ikasturte horietan jasandako abusuak kontatu zituen epaiketan. Bertan aitortu zuenez, bere buruaz beste egitea ere pentsatu zuen hainbatetan, eta lehenago ez kontatzeagatik "lotsa eta errua" sentitu zuen.

Irakasle ohiak, ordea, akusazio guztiak ukatu zituen. "Ez dut sekula inorekin halakorik egin", esan zuen. Dena dela, epaiketan aditu gisa deklaratu zuten psikologoek eta psikiatrek berretsi zutenez, biktimaren kontakizuna egiazkoa izan zen, "koherentea" eta "kontraesanik gabekoa" izan zelako.

Gaztearen familia, "pozik"

Lehen balorazio batean, epaiarekin "pozik" agertu da Juan Cuatrecasas, biktimaren aita. Hala, Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean, semeari barkamena eskatzeko eta biktima moduan aitortzeko eskatu dio Opus Deiko ikastetxeko zuzendaritzari. "Urte hauetako borrokak merezi izan du", erantsi du.

Ildo beretik mintzatu da Leticia de la Hoz familiaren abokatua ere. Horren ahotan, "justizia egin da" auzi honetan, gazteak "jasandako mina konpentsatu, erreparatu edo indemnizatuko" duenik ez dagoen arren:

Gaztelueta: "Lur jota gaude"

Gaztelueta ikastetxeak agiria kaleratu du epaiaren berri izan eta ordu gutxira. 'Gaztelueta auzia' izeneko webgunean eskegitako ohar batean, zuzendaritzak dio "lur jota" dagoela, baina epaia onartzen duela.

Horren hitzetan, ikastetxeak "beti" ikusi du begi onez justiziaren esku sartzea kasu honetan, baina "aurrez auzia aztertu duten instantziek akusazioak atzera bota" zituztela gogorarazi du.

Balizko helegiteen aurrean, justiziari "laguntzen jarraituko" duela zehaztu du Gazteluetak.

Azkenik, "adingabeek jasan ditzaketen abusu edo jazarpen kasuen aurrean irmo borrokatzen" jarraituko dutela azpimarratu du Opus Deiren ikastetxeak.

Epaia errekurrituko du irakasle ohi zigortuak

“Ahal duen bitartean” epaia errekurrituko duela iragarri du Gaztelueta ikastetxeko irakasle ohi zigortuak.

Komunikabideei igorritako gutunean, “zalantzarik gabe”, bere bizitzako “unerik gogorrena” izaten ari dela aitortu du zigortuak. “Ebazpen judizial baten ondoren ni sinestea zaila dela ulertzen dut, baina ez dizkiot sekula inori sexu-abusuak egin, egia hutsa hori da“, ziurtatu du.

Azken urteak “nahigabeturik” eman dituela azaldu du irakasle ohiak, akusazio “faltsuen” aurrean, “hurbilekoek eta maitatuek zalantzak” izango zituztenaren jakitun zelako. “Egoera beldurgarri honetan, epaiketan pentsatzeak nolabaiteko itxaropena eman zidan”, erantsi du.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena