Gizartea -
Nafarroa
Nafarroako Polizien Legea onartu du Foru Parlamentuak
UPNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemosek alde bozkatu dute; PSNk, PPNk eta I-Ek, zuri. Orain Bai (Podemosen kritikoak) izan da kontra bozkatu duen bakarra.
Agentziak | erredakzioa
Foru Parlamentuko osoko bilkurak Nafarroako Polizien Legea onartu du gaur UPN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos alderdien aldeko botoekin. PSNk, PPNk eta I-Ek zuri bozkatu dute, eta Orain Baik (Podemosen kritikoak), berriz, kontra.
Bigarren aldia da Geroa Baik eta EH Bilduk lege horren inguruko proposamena egiten dutena. Iaz, lege-proiektua baztertu zuen Foru Parlamentuak. Oraingo honetan, erregionalisten aldeko botoa izan du legeak. Nafarroako Gobernuak Trafikoaren eskuduntza bereganatzen duenean, Trafikoko guardia zibilak foruzain bihurtzeko "aukera" jasotzen duelako babestu du UPNk.
Taldeek euren iritzia emateko txandan, pozik agertu da Sergio Sayas UPN parlamentaria. Esan duenez, lege berriari esker, agente guztiak Nafarroako polizia agente izango dira, eta Guardia Zibileko agenteei foruzain izateko "aukera" nabarmendu du. "Aparteko lana egin dute urteotan, ezin diegu bizkarra eman", erantsi du.
Patxi Leuza, Geroa Baiko parlamentariaren esanetan, legea ez zen bere taldeak nahi zuena, baina "ahalik eta kontsentsu handiena" lortzen saiatu direla azpimarratu du. Leuzaren hitzetan, polizia "integral, gertuko, modernoago" bat lortzea da helburua, elebiduna eta aginte postuetan emakume gehiago izango dituena.
Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramailearen arabera, agenteen lan baldintzak "hobetzen" ditu lege berriak. Erregionalistek ezarritako "pasarela"ri buruz esan du beharbada Guardia Zibila dela Foruzaingoan sartu behar ez dena, eta azpimarratu du ez duela zentzurik segurtasun indar ezberdinen arteko integrazioak, horietako bat "militarra" dela eta "historikoki zapaltzailea" izan dela gogora ekarrita.
Podemoseko Ruben Velascok adierazi du "besterik gabe" onartu dutela legea, eta ziurtatu du bere alderdiak ez duela begi onez ikusten talde bat gainerako funtzionarioetatik "bereiztea", ezta "star nominak" onartzea ere.
Bestalde, UPNk eta Bilduk "legearen jabetzaren inguruan” izandako eztabaidari buruz mintzatu da PSNko Inmaculada Jurio. Ildo horretan nabarmendu du legea Gobernuarena dela, eta 2015eko legean atzemandako "arazoei" irtenbidea bilatzen saiatu direla.
Javier Garcia PPNko parlamentariaren hitzetan, orain arteko legeak polizien arteko "bereizketa eta konfrontazioa" eragiten zuen. Agertoki berriak, berriz, bere alderdiak ulertzen ez dituen zenbait gai jasotzen ditu, PPk "agenteen elkarlanaren eta koordinazioaren" aldeko apustua egiten duelako.
Bukatzeko, I-E koalizioko Jose Miguel Nuinek kritikatu du segurtasun indar ezberdinak definitu nahi dituen polizia ereduak ez duela aurrerapausorik egin. Halaber, ukatu egin du lege berriak "pasarela" bermatzen duenik, eta ohartarazi du "sekulako kostu ekonomikoa" izango duela, gutxi gorabehera 4 milioi eurokoa. Gauzak horrela, Foruzaingoaren pertsonala bikoizteko beharra nabarmendu du.