Gizartea -
Ekonomia krisia
Euskarazko hedabideek laguntza gehiago eskatu dizkiete erakundeei
Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariaren esanetan, krisiak "gogor" jo ditu euskarazko komunikabideak eta erakunde publikoek "baliabide gutxiago" ematen dituzte.
Erredakzioa
Euskarazko komunikabide pribatuen ordezkaritza zabal batek prentsaurrekoa eman du gaur krisi ekonomikoaren ondorioz "lehen urriak ziren laguntzak are urriagoak" direla salatzeko. Hori horrela, laguntza gehiago eskatu dizkiete erakundeei "sektorea indartzeko".
Donostian emandako prentsaurreko batean Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariak azaldu duenez, krisiak "gogor jo ditu euskarazko hedabideak" eta erakunde publikoek "babesteko baliabide gutxiago" bideratzen dituzte.
Era berean, Mendizabalek esan du ehundik gora direla euskarazko hedabideak, eta horietan 620 langile baino gehiago daudela. Gainera, CIESen ikerketa baten arabera 450.000 pertsonak hedabide horietara jotzen duela gogorarazi dute, hau da, euskaldunen % 57k hedabide horiek behar dituztela.
"Bizirik eta kontuan hartzeko moduan dagoen sektorea" dela uste du Mendizabalek, euskararen normalkuntzarako agente nagusiak diren heinean gizarteari etekin handia ematen diolako. Ekonomia alorrean, lanpostuak sortzeaz gain, zerga bidez diru asko ematen dutela gogorarazi du.
Beraz, diru-laguntzak "hedabidearen eraginaren arabera" ematea eta orain arte baino laguntza handiagoak eskatu dituzte, izan ere, "egungoekin sektoreak ezin du hazi".
Egoera horri aurre egiteko, indarrak metatu eta ekimenak egiteko erabakia hartu dute. Iragan otsailaren 1ean editorial bateratua kaleratu zuten eta egoeraren berri emateko webgune bat ere sortu dute.
Mendizabalek iragarri du erakundeekin eta alderdi politikoekin bilera-sorta bat antolatzen ari direla.