Gizartea -

Elikagaien Bankua

Euskal Herriko supermerkatuek elikagaiak biltzeari ekin diote

Gaur eta bihar egingo dute urteroko bilketa. Kanpaina honen helburua da, galkorrak ez diren produktuak emanda edo "bonuak" erosita, behartsuak laguntzea.

Elikagaien bilketa. ETBren bideo batetik ateratako irudia
Elikagaien bilketa, azaroaren 30ean eta abenduaren 1ean
Elikagaien Bilketa Erraldoia martxan da

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elikagai Bankuen Espainiako Federakundeak (FESBAL) elkartasuna eskatu die herritarrei, produktuak emanda edota boluntario lanak eginda, Estatu osoan 22 milioi elikagai kilo bildu ahal izateko.

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan gaur eta bihar egingo dute urteroko bilketa.

Arabak 200.000 kilo batu nahi ditu

Arabako Elikagaien Bankuaren asmoa da bi egunotan 200.000 kilo produktu jasotzea. Horretarako, 1.500 boluntario arituko dira lanean.

Izan ere, Elikagaien Bankuko despentsaren stocka haztea bilatuko dute, urtean zehar produkturik gabe gera ez dadin, kanpaina honi esker urte osoko elikagaien % 30 jasotzen baitute.

Hori posible egiteko, Arabako 80 saltokik hartuko dute parte, horietatik 65 Gasteizen kokatuta daude. Esan bezala, galkorrak ez diren elikagaiak jasoko dituzte, batik bat: olioa, kakaoa, arrain eta barazki kontserbak, haurrentzako elikagaiak, fardelak eta higienerako produktuak.

Halaber, "bonuen" bidez laguntzeko aukera izango dute supermerkatuetara gerturatzen direnek. Txartel horietan bildutako diru-laguntzak urte osoko produktuak erosteko erabiliko dituzte Elikagai Bankuetan.

Horrekin, Arabako mila familiari eta 5.000 lagun ingururi lagunduko diete boluntarioek.

Bizkaiko Elikagai Bankuak milioi bat kilo jaso nahi ditu

2017an bezala, aurten ere milioi bat kilo elikagai bildu nahi ditu Bizkaiko Elikagai Bankuak. Hasiera bateko asmo hori betetzen lagunduko dute kanpainan parte hartuko duten 300 saltokiek eta 5.500 boluntarioek.

Bilketa handi honetan jasotakoa, aipatu elkarteak urte osoan bildutakoaren % 25 da.

Gipuzkoak ere behartsuei lagunduko die

Bestalde, Gipuzkoako Elikagai Bankuak iazko kopurua errepikatu nahi du, alegia, 663.974 kilo batu nahi ditu; horietatik 249.279, bonuen bitartez.

Jendearen solidaritateari esker, 2014an beharrean zeuden 24.522 pertsona lagundu ahal izan zituzten, baina krisia dela eta, azken urteetan ez dute zifra horretara iristea lortu. Alabaina, 18.663 lagunengana iristeko aukera izan zuten iaz, eta aurten ere asmo bera dute kanpaina bultzatu dutenek.

Guztira, 1.800 boluntario izango dira lanean, bihar eta etzi, 2,5 milioi kilo elikagai jaso ahal izateko.

Nafarroan 30.000 lagunen artean banatu nahi dituzte bildutako elikagaiak

Elikagaien Bankuak aurreikusi duenez, 30.000 lagunengana helduko dira Nafarroan, asteburu honetan jasotako elikagaiei esker. Bereziki, olioa, pasta, lekaleak eta arrain kontserbak eskatu dizkiete herritarrei.

3.000 pertsona inguruk boluntario lanetan jardungo dute, horietako batzuk dendatan egongo dira, eta beste batzuei, berriz, bestelako lanak egokituko zaizkie.

Gainerako lurraldeetan bezala, elikagaien bidez edo 5 euroko bonuak eskuratuta egingo dute ekarpena behartsuak lagundu nahian dabiltzanek. Horretarako, Eroski eta BM supermerkatuetara jo beharko dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gosea GKEen albisteak