Gizartea -
Faltsutzea
Iberiko etiketa faltsua zuten 4.200 txerri-beso erretiratu dituzte, batzuk Nafarroan
Operazioan sei pertsona atxilotu eta horietatik bi auzipetu dituzte, hainbat delitu egotzita.
Agentziak | Erredakzioa
Guardia Zibilak 4.233 txerri-beso salmentatik erretiratu ditu, horietako batzuk Nafarroan, iberikoen etiketa faltsua izateagatik. Banaketaz arduratzen zen sareak zigiluak manipulatzen zituen aurretik saldutako beso iberiko baten zenbakia izan zezaten.
Operazioan sei pertsona atxilotu eta horietako bi auzipetu dituzte, tartean taldeko buruzagia, produktu iberikoak saltzen dituen Salamancako enpresaburu bat. Horrez gain, miaketak egin dituzte Estatuko hainbat banaketa zentro, saltoki, lehortegi eta hiltegitan (horietako batzuk, Nafarroan).
Ikerlariek egiaztatu ahal izan dutenez, taldeak zigiluetan ageri ziren zenbakiak faltsutzen zituen, eta zegokiena jarri beharrean, aurretik saldutako beso iberikoenak jartzen zizkieten. Hartara, legezko loteak legez kontrakoekin nahasten zituzten.
Ikerketari esker, Avilako banaketa zentro batean 4.000 txerri-beso atzeman zituzten SEPRONAko agenteek, denak zigilu faltsuekin.
Guardia Zibilaren arabera, guztira 14.000 beso saldu dituzte modu irregularrean eta 980.000 euro irabazi.