Gizartea -

Zigorra gorabehera

Abusuengatik zigortutako irakasle ohia errugabea dela dio Gazteluetak

Bizkaiko ikastetxeko zuzendariaren arabera, ikasle ohiaren kontakizuna 'ez da sinesgarria', horregatik ezin dio 'barkamenik' eskatu.

Goyarrola, gaurko prentsaurrekoan. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Imanol Goyarrola Gazteluetako zuzendaria
Gazteluetako zuzendariak errugabe jo du irakasle ohia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lehengo lepotik du burua Gaztelueta ikastetxeko zuzendariak. Horren ustez, ikasle ohi bati egindako sexu abusuengatik 11 urtera zigortutako irakaslea "errugabea" da. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak emandako epaiaren ostean, errugabetasuna defendatu du berriro Imanol Goyarrola Gazteluetako zuzendariak, eta biktimaren kontakizuna "ez da sinesgarria", gaineratu du.

Opus Dei Eliza Katolikoaren erakundeak Leioan (Bizkaia) duen ikastetxeko zuzendariak prentsaurrekoa eskaini du gaur, Juan Anguisola Gazteluetako presidentearekin batera. Atzo, irakasle ohiaren behin-behineko askatasuna berretsi zuen Auzitegiak, ihes egiteko arriskurik ez dagoela argudiatuta. Gizonak astero joan beharko du gertuen duen epaitegira.

Goyarrolaren esanetan, ikasle ohiaren kontakizuna "ez da sinesgarria". "Atsekabetuta nago errugabe bat zigortu dutelako", erantsi du.

Ikastetxeko ikasle izandakoak "pena handia" ematen diola esan du Gazteluetako zuzendariak. Izan ere, Goyarrolaren ustez, "gazteak asko sufritu du, bere inguruak modu krudelean hedabideen eraginpean jarri duelako". "Ni ez naiz aditua, baina uste dut mutiko horrek arazo bat izan dezakeela", erantsi du.

Epaiaren berri jakin ostean, Gazteluetak biktimari barkamena eskatu beharko liokeela esan zuen gaztearen aitak. Horren aurrean, Goyarrolak esan du ezin duela.

"Gaztearen lekukotzaz haratago beste frogarik ez dagoela begi-bistakoa da"

"Aitortzen dut akusazioak irabazi egin duela epaiketan. Zigorra ezartzea zen helburua, eta lortu egin dute. Baina nik irakaslea errugabea dela uste dut. Horrela pentsatzen duen bakarra ez naizela badakit. Asko gara, eta ez bakarrik ikastetxekoak, nahiz eta hala sinestarazi nahi”, gaineratu du.

“Irakaslearen errugabetasuna” berriro aldarrikatu du ikastetxeko zuzendariak. “Ez bakarrik haren testigantzagatik, frogarik ikusi ez dugulako baizik, mutikoaren kontraesanak ezagutzen ditudalako, eta zigorrera iritsi arte esandako gezur ugariren lekuko naizelako”, azpimarratu du.

Sententzia onartzea “beste aukerarik” ez duela onartu du Goyarrolak, baina “bidegabekeria egin dute”. “Nire iritziz, epaiketa horrela laburbildu daiteke: ikasle ohiak dioen guztia egia da, eta kontrakoa esaten duena gezurretan ari da”.

“Gaztearen lekukotzaz haratago beste frogarik ez dagoela begi-bistakoa da”, nabarmendu du. “Pertsona bati 11 urteko espetxe-zigorra ezartzeko nahikoa izatea”, deitoratu du. “Ezin dugu zigor honekin kontzientzia garbi eduki”, erantsi du. Gainera, sententziak ez du “modu fidagarrian” bere aitortza jasotzen, ezta beste ikasle eta irakasle batzuena ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Delituak bideoak Epaiketak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Leioa Albisteak Eraso sexualak gaur Irakasleen albisteak Eliza Katolikoa eta abusuak