Gizartea -

'Cabacas' auzia

Cabacas auziaren epaia: 'Ertzaintzaren operazioak ez zuen justifikaziorik'

Maria Diaz de Haro kalezuloan egindako operazioak “ikara” sortu eta pertsonen “osotasun fisikoa arriskuan” jarri zuela azaldu du sententziak.

Infografia: EiTB
Infografia: EiTB
Cabacas auziko epaia: 'Karga egiteko erabakia ez zegoen justifikatuta'

1:58

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bi urteko espetxe zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezarri dio 'Cabacas' auzian nahastutako Juan Jose de Pablo ertzainari. Gainerako bost agenteak absolbitu egin ditu epaileak.

Lurralde-auzitegiak epaian adierazi duenez, arduradun nagusiak San Mamesetik gertu dagoen kalezuloan “poliziaren karga geldiarazi” izan balu, “heriotza ez litzateke gertatuko”.

Epaiaren arabera, ekintza polizialak “ez zuen justifikaziorik”, eta Maria Diaz de Haroko kalezuloan “objektu gutxi batzuen jaurtiketa gomazko pilotak erabili gabe” eten zitekeela uste du.

Maria Diaz de Haro kalezuloan egindako operazioak “ikara” sortu eta pertsonen “osotasun fisikoa arriskuan” jarri zuela azaldu du sententziak.

Horregatik, “araudiaren arabera”, Ertzaintzaren jokabidea “desegokia” izan zen; izan ere, “kalezuloaren ezaugarriak kontuan hartu behar ziren, txikia eta irtenbide bakar batekin; jendetza zegoen bertan, guztiak harrapaturik zeuden eta horrek izua eragin zuen, pertsonen osotasun fisikoa arriskuan jarriz, eta gainera, Iñigo Cabacasen heriotza deitoragarria gertatu zen”.

"Espiritu korporatiboa"

Auzitegiaren ahotan, objektu jaurtiketaren inguruan ertzainek egindako adierazpenak “subjektibotasunez gainezka daude, erantzukizunak saihesteko asmoarekin eta nolabaiteko espiritu korporatiboarekin ; sinesgarritasuna galduz”.

Era berean, furgonetetako ertzainen sinesgarritasuna zalantzan jarri du auzitegiak, lankideak pilotak jaurtitzen ikusi ez zituztela ziurtatzen dutenean. Bideo bat oinarri bezala hartuta, pilotekin egindako tirorik ikusi ez izana “ezinezkoa da”, epaiaren arabera.

Herritarrek telefono deien bidez borrokaren berri eman ondoren, polizia “gehiegi” bertaratu zirela dio auzitegiak (hamar furgoneta baino gehiago kale tarte berdinean). “Tentsioak justifikaziorik gabe gora egin zuen, ertzainen ekintzak berak eraginda”, erantsi du.

“Ertzainen nahasmena eta buruzagien deskoordinazioa handia izan zen”, azpimarratu du sententziak.

"Ikerketa eskasa"

Bestalde, Ertzaintzak egindako “ikerketa eskasa” deitoratu du auzitegiak. Horrek instrukzio fasean “zailtasunak” eta auzipetze fasean “gabeziak” sortu zituela uste du. Hilketa gertatu zen tokia ez babestea eta operazioan erabilitako arma guztiak ez jasotzea faltan bota du, ondoren adituek euren lana egin ahal izateko.

“Horrekin pilotarekin tiro egin zuten guztiak epaiketara ekartzea edo tiro hilgarria nork egin zuen zehaztea posible zen”, argudiatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Iñigo Cabacas Bilbo Basauri Ertzaintza Bizkaia Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak