Gizartea -

Barakaldo

Barakaldoko institutu bat itxi egin dute, 'egiturazko gabeziak' antzeman ostean

Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, eraikina eraistea eta institutu berria eraikitzea gomendatu dute teknikariek.

Barakaldoko Antonio Trueba institutua. Argazkia: Google Maps
Barakaldoko Antonio Trueba institutua.
Barakaldoko institutu bat itxi egin dute eraikina ez dagoelako egoera onean

1:13

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Barakaldoko Antonio Trueba institutuan "egiturazko gabeziak" antzeman dituzte eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ikastetxea ixteko agindua eman du.

Urte hasieran abiarazi zituzten institutua handitzeko obrak, baina teknikariek egindako txosten baten arabera, "eraikinaren erabilera zalantzan jartzen duten egiturazko gabeziak" antzeman dituzte.

Hezkuntza Sailak azaldu duenez, institutua zaharra dela eta gabezia horiek konpontzea konplexua izango litzatekeela kontuan hartuta, eraikina eraistea eta beste bat eraikitzea gomendatu dute teknikariek.

Hori horrela, eta segurtasuna bermatzeko asmoz, Hezkuntza Sailak ikastetxea berehala ixtea erabaki du. Asteazken honetan ez da klaserik izango eta datorren astelehenetik aurrera ikasle guztiak Bilboko Artazu Goikoa zentrora eramango dituzte.

Hezkuntza Sailak eta Barakaldoko Udalak adierazi dutenez, behin-behineko neurria izango da eta urtarrilean ikasle guztiak udalerri horretako Minas eraikinean kokatzen saiatuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barakaldo Gizartea Albisteak Hezkuntza