Gizartea -
Ikerketa
Zuckerbergen Fundazioak milioi bat dolar eman dio nafar bati alzheimerraren aurka
Carlos Cruchagak, barañaindarra bera, 2007tik lan egiten du Washingtongo Unibertsitatean, Saint Louisen, eta sistema immunearen zeregina lantzen duen talde bateko kidea da.
Agentziak | Erredakzioa
Carlos Cruchagak, Biokimikan eta Biologia Molekularrean graduduna eta doktorea bera, Chan Zuckerberg Initiative fundazioaren 1,05 milioi dolar eskuratu ditu, bere taldearekin batera, alzheimer gaixotasunean sistema immuneak duen papera ikertzeko. Aipatutako fundazioa Facebooken sortzaile Mark Zuckerbergek sortua da.
Ikertzaile nafarrak 11 urte daramatza Ameriketako Estatu Batuetan; McDonnell Genome Institutuko zuzendari zientifikoa da, eta sistema immunerekin loturik dauden hainbat generen interakzioan lan egiten du. Ikertutako gene horiek alzheimerra garatzeko arriskurik handienarekin ere daude lotuta.
"Berriki egin dugun ikerketa batean, TREM2 genearen maila estrazelularren arautzailerik nagusiena identifikatu genuen; gene horien aldaera genetikoek gaixotasuna garatzeko arrisku handia dakarte. Gene horrek, gainera, ez du harremanik beta-amieloide proteinarekin (azken hori hamarkadak daramatzate zientzialariek ikertzen, alzheimerraren garapenaren harira), baizik eta gure sistema immunearen erantzunarekin; izan ere, garunaren globulu zuriak liratekeenetan islatzen da", dio Cruchagak. Psikiatria eta Neurologia irakaslea ere bada bera.
"Genea identifikatzeak ekarri zituen bide berriak gaixotasun honen ikerketan; izan ere, frogatu zuen beta-amieloide proteinatik haratagoko prozesuak ere daudela tartean. Eta gure ikerketan, beste gene bat ere identifikatu genuen, MS4A4A; TREM2ren bizitza metabolikoaren zatia da", gehitu du Cruchagak. Proteina horrek lotura izan lezake hantura-prozesuekin; horrek frogatuko luke harremana dagoela sistema immunearen eta alzheimerraren garapenaren artean.
Carlos Cruchagaren ikerketa-taldean hainbat arlotako ikertzaileak daude, bioinformatikan adituak eta neurologoak kasu: "Gure taldeak teknika berriak erabiltzea proposatzen du, hainbat arlotan, xede izanik jakitea, alzheimerra garatzeko arriskua areagotzen duela kontuan izanik, nola eragiten dioten elkarri aurkitu ditugun bi geneak, eta ikustea nola modulatu eta aldatzen duen interakzio horrek garuneko sistema immunea".
Fundazioaren 9 milioi, hainbat egitasmorako
Chan Zuckerberg Initiative Mark Zuckerberg Facebookeko sortzaileak eta haren emazte Priscillia Chanek sortu zuten. 9 milioi dolar eman die fundazio horrek zenbait ikerketa-egitasmori; egitasmo horiek neuroendekapenezko gaixotasunetarako diana terapeutikoak identifikatzeari zuzenduta daude. Ikerketa horiek klinikoen, ingeniarien, biologo konputazionalen genetisten eta biologo molekularren arteko elkarlanean egiten dituzte.
Carlos Cruchagak, barañaindarra bera, Nafarroako Unibertsitatean egin zuen doktore tesia, Biokimikan eta Biologia Molekularrean; gerora, neuroendekapenezko gaixotasunen arrazoi genetikoak ikertu zituen, Pau Pastor irakaslearen zuzendaritzapean. 2007tik, ikertzaile eta irakaslea da Washingtongo Unibertsitatean, Saint Louisen, AEBn.