Gizartea -

Astelehenean, 19:00etan

Giza eskubideen aldeko manifestazioa deitu dute astelehenerako, Bilbon

Bizitegi, Fekoor, Alboan, Amnesty International, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Aletu eta Auzo Elkarteen Federazioa dira antolatzaileak. Adierazpenaren 70. urteurrena gogoratuko dute.

Manifestazioaren kartela.
Manifestazioaren kartela.
Manifestazioaren kartela.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbon manifestazioa deitu dute astelehenerako Bizitegik, Fekoorrek, Alboanek, Amnesty Internationalek, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak, Aletuk eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak, Giza Eskubideen Adierazpenaren 70. urteurrenaren harira.

Martxa 19:00etan irtengo da Moyua plazatik, eta Pio Baroja enparantzan bukatuko da. Ibilbidean zehar, Doctor Deseo taldeko abeslariak girotuko du martxa, hiritarrei manifestaziora batzeko deia eginez.

Gero, Pio Baroja plazan, Giza Eskubideetan inspiratutako performance bat egingo dute, eta Beto Snay raperoak eta Iker eta Patxi txalapartariek emanaldia egingo dute.

Antolatzaileen arabera, "gaur egungo gizartean Giza Eskubideek duten zentzuari buruzko gogoeta hau ahalik eta elkarte gehienekin" partekatu nahi izan dute.

"Proposamen honen helburua ez da atzera begirada bat besterik ematea, baizik eta, itxaropen bat izan zen horrek, gaur egun bere garaiko indarra mantentzen ote duen ikustea. Mundua, gizartea eta gure hiria humanizatzeko prozesu horren zein momentutan gaude?", diote adierazpen batean.

Giza Eskubideen Adierazpenak "gizaki guztiei pertsona izateko aukera ematen zien gizarte bat eraikitzeko oinarria izan nahi zuen, euren bizitzari buruz erabakitzeko askatasunarekin eta etorkizuneko proiektu bat eraikitzeko aukerarekin".

Horretarako, eskubideak aldarrikatu ziren, "helburu hau betetzeak ezin duelako gobernu edo pertsona bakar baten menpe egon. Bakoitzari dagokion eskubidea da, aldarrikatu eta erreala bihurtu behar dena. Gizarteak lehentasuna eman behar dio gizakien duintasuna bermatzeari, hau izan behar da gizartearen oinarria".

Zentzu horretan, "eskubide horiek bermatzen dituen" gizartea eskatu dute antolatzaileek, "ez amets soil bat bezala, baizik eta eraiki nahi dugun proiektu erreal bat bezala".

"Gure gizarte orokorrari begira, ikus dezakegu oso urrun gaudela giza eskubide hauek bere osotasunean betetzetik. Are gehiago, nabariak dira giza duintasunaren aurka eman diren atzera pausoak".

Antolatzaileentzat, errealitate hori ez da herrialde edo sektore batzuetakoa bakarrik, eta "modu orokorrean gertatzen ari da gure gizarte aberatsetan eta mundu osoan zehar. Horregatik, funtsezkoa iruditzen zaigu datorren urteurrenean deialdi hau zabalagoa izatea, Giza Eskubideen ahultzeari buruzko salaketa eta sentsibilizazioa areagotzeko".

"Diskurtso itxaropentsu berri bat behar dugu, erronka berrien aurrean erantzuteko gaitasunarekin, eta itxaropen eta ilusioa eskaintzeko gaitasunarekin, bidezkoagoa den mundu bat lortzeko borrokan ahalik eta pertsona gehien elkartzeko", diote komunikatuan.

Manifestazioan parte hartzeko deia egin dute elkarteek, "Giza Eskubideen inguruan dauden gabeziak salatzeaz gain, eraiki nahi dugun bidezkoagoa den gizarteak izan behar dituen baloreen inguruko konpromiso kolektiboa adierazteko helburuarekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Giza eskubideak GKEen albisteak