Gizartea -

GIZA ESKUBIDEAK

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak 70 urte bete ditu

Emakumeak (haurrak zein helduak) dira giza eskubideen urraketa era bortitzenean pairatzen dutenak munduko herrialde, kultura eta gizarte eredu guztietan.

Manilako emakume bat, bere eskubideak aldarrikatzen. Argazkia: EFE.
Manilako emakume bat, bere eskubideak aldarrikatzen. Argazkia: EFE.
Manilako emakume bat, bere eskubideak aldarrikatzen. Argazkia: EFE.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna modu berezian ospatuko da gaur mundu osoan. 70 urte bete dira Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala onartu zuela Nazio Batuen Erakundearen batzar nagusiak, eta, hori dela eta, kanpaina berezia jarri da abian, adierazpen historiko horren garrantzia nabarmentzeko. Dokumentuaren egileetako bat Rene Cassin baionarra izan zen, eta munduan gehien itzuli den testua da; 500 hizkuntzatan baino gehiagotan irakur daiteke.

Pertsona guztien eskubideak aldarrikatzen ditu adierazpenak, horien sexua, arraza, erlijioa, hizkuntza, ideologia edota jatorria edozein dela ere. Mundu osoko adituek idatzi eta osatu zuten testua, eta herri eta nazio guztietan ezartzeko balio unibertsalak jasotzen ditu. Besteak beste, pertsona guztien balioa eta duintasuna gauza guztien gainetik jartzen du adierazpenak. Dokumentu horretan jasotako irizpideei esker, mundu bidezkoago baten oinarriak ezarri ziren, baina, hala ere, gaur egun, giza eskubideen urraketek ez dute etenik.

Emakumeak (haurrak zein helduak) dira giza eskubideen urraketa modu bortitzenean pairatzen dutenak. Munduko herrialde eta kultura guztietan gertatzen da indarkeria mota hori, gizarteko egitura guztietan; hilketa matxistak, bortxaketak eta sexu jazarpena eguneroko ogia dira herrialderik aurreratuenetan ere. Eta, noski, gatazka armatuek areagotu egiten dute emakumeen kontrako indarkeria.

300 ekintzaile baino gehiago hiltzen dira urtean

1948an adierazpena onartu zenetik, milaka eta milaka ahots altxatu dira giza eskubideen defentsan. Azken 70 urteotan, munduko bazter guztietan jarri dira martxan erakundeak, elkarteak eta gobernuz kanpoko erakundeak, pertsonen eskubideak oinarri hartuta.

Borroka horrek, baina, kostu handia izan du, kasu askotan. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) gaur zabaldutako datuen arabera, egunero, batez beste, ekintzaile bat hiltzen da munduan, giza eskubideen defentsan ari dela.

Hain zuzen, ekintzaile horien guztien lana babesteko eta bermatzeko, adierazpen bat izenpetu dute mundu osoko adituek: "Ekintzaileek mehatxurik, abusurik edota indarkeriarik gabe giza eskubideen alde lan egiteko duten eskubidea" defendatu dute NBEko ordezkariek. 2017an, 300 aktibista baino gehiago hil zituzten mundu osoan.

Mobilizazioak

Munduko bazter guztietan egingo dira gaur mobilizazioak, giza eskubideak aldarrikatzeko. Euskal Herrian, besteak beste, Bilbon dago deituta manifestazioa, 19:00etarako.

Bizitegik, Fekoorrek, Alboanek, Amnistia Internationalak, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak, Aletuk eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak deitu dute protesta. Moyua plazatik abiatuko da, eta Pio Baroja plazan bukatu. Ibilbidean zehar, Doctor Deseo taldeko abeslariak girotuko du martxa, herritarrei manifestaziora batzeko deia eginez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Giza eskubideak