Albisteak -
Eguraldia
Eguraldi eta tenperatura atseginek larunbata arte iraungo dute
Larunbat arratsaldean fronte bat sartuko da euria eta tenperaturen jaitsiera ekarriz. Giro gobel hori aste hasieran ere nagusi izango da.
Erredakzioa
Ostiralean, giro atseginarekin jarraituko dugu. Euskalmeten arabera, eguna behe-lainoarekin eta hodeitsu hasiko da, baina goizean zehar altxatu eta gainontzeko orduetan giro argia nagusituko da; erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak, ostarteekin tartekatuko dira.
Tenperaturari dagokionez, lehenengo orduak freskoagoak izango dira eta eguerdi partean 16-18 ºC artean mugituko dira termometroak.
Larunbat arratsaldean, fronte ahul bat gerturatu eta giroa kaskartuz joango da. Eguraldi politarekin hasiko dugu asteburua, hodei eta ostarteekin, baina arratsaldean zehar zerua goibelduz joango da eta iluntzerako euritara egingo du aroak kantauri isurialdean.
Araba eta Nafarroa barnealden, hodeiak iritsiko badira ere, giro lehorrarekin amaituko dugu eguna. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du eta giroa freskatuz joango da.