Gizartea -
Espetxe-zigorra
106 urteko zigorra ezarri diete Cordovillako hilketaren 5 auzipetuei
Jose L.L. auzipetuak mendekua hartzeko krimena prestatu zuela frogatutzat jo du epaiak. Bestalde, krimenaren bi egileak biktimaren semea hiltzen saiatu ez zirela erabaki du auzitegiak.
Erredakzioa
Cordovillan emakume bat hiltzeagatik 106 urteko espetxe-zigorra ezarri die bost akusatuei Nafarroako Probintzia Auzitegiak. Hilketan parte hartu zutela erabaki du auzitegiak, bi auzipetu egiletzat jo ditu, beste bat antolatzailetzat eta beste biak laguntzailetzat.
Bestalde, krimenaren bi egileak biktimaren semea hiltzen saiatu ez zirela erabaki du auzitegiak. Izan ere, adingabea hilketaren unean emakumearen alboan zegoen.
Epaiketa otsaileko lehen astean egin zuten Iruñean, eta fiskalak 142 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen bost auzipetuentzako, hilketaren egileak izatea eta justiziari oztopoak jartzea egotzita. Gainera, hilketaren egileari emakumearen semea hiltzen saiatzea eta armak legez kanpo edukitzea leporatzen zion fiskalak.
Rodrigo sikarioak S.S. Yamiled Giraldo Cordovillan tirokatu zuen. Urte batzuk lehenago, prostituzio eta sexu-abusuen epaiketa batean deklaratu zuen Giraldok, Jose L.L. krimenaren antolatzailearen aurka.
Jose L.L. auzipetuak mendekua hartzeko krimena prestatu zuela frogatutzat jo du epaiak. Karlos I.M. eta Pedro G.P. presoekin espetxean izan zen Jose, eta emakumea hiltzeko baliabideak bilatzeko eskatu zien. Ondoren, Nira A.M.k eta Rodrigo S.S. pistoladunak hil zuten diruaren truke