Gizartea -

futbola eta indarkeria

Aitor Zabaletaren hiltzailea atxilotu dute Belgikan nazien agurra egiteagatik

Ricardo Guerra Atletico Madrilen beste jarraitzaile ultra batzuekin batera atxilotu zuten joan den astean. Hirugarren graduan dago.

Aitor Zabaletaren omenez egindako ekitaldi bat. Argazkia: EFE
Aitor Zabaletaren omenez egindako ekitaldi bat
Aitor Zabaletaren omenez egindako ekitaldi bat. Argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ricardo Guerra, Aitor Zabaleta Realeko jarraitzailea hiltzeagatik 17 urtera zigortutako neonazia, Brujasen (Belgika) atxilotu zuten abenduaren 11n nazien agurra egiteagatik.

ABC egunkariak gaur jakinarazi duenez, Guerra Suburbios Firm eskuin muturreko taldearen —Frente Atletico talde ultraren fakzio bat zen, baina kanporatu egin zituzten duela urte batzuk — beste 30 kiderekin batera hartu zuten atxilo. Belgikako Poliziak egiaztatu zuenez, eskua altxatuta ibili ziren Brujaseko futbol estadioaren inguruetan. Egun hartan Txapeldunen Ligako joaneko partida zuen Atletico Madrilek talde belgikarraren kontra.

Ikerketaren iturriek albiste agentziei azaldu dietenez, probokazioen aurrean taldea atxilotzea erabaki zuten agenteek. "Borroka batean parte hartzeko asmotan zebiltzala zirudien", esan dute. Futbol partida amaitu eta gero, 03:00-04:00ak bitartean, utzi zituzten aske.

Guerra hirugarren graduan dago. Espetxe Zaintzako arduradunek zehaztu dutenez, kartzelatik kanpo egoteko baimena zuen presoak abenduaren 10etik 17ra, eta gaur bertan itzuli da Madrilgo Erkidegoko gizarteratze-zentrora. Dena dela, atzerrira bidaiatzeko espetxe zaintzako epaile baten baimena ere beharko luke. Guerrak ez omen zuen bere asmoen berri eman. Horren harira, Espetxe Zuzendaritzako iturriek Madrilgo egunkariari adierazi diotenez, bigarren gradura buelta liteke Guerra.

2012an, bigarren graduan zela, droga trafikoa egotzita atxilotu zuten presoa.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola albisteak Belgika Gizartea Eguneko albisteak Albisteak