Gizartea -
Alerta meteorologikoak
Abisu horia ezarri dute astearterako, 100 km/h-tik gorako haize-boladengatik
Gauerditik 15:00ak arte egongo da indarrean. Haizeguneetan espero dira bolada indartsuenak. Matxitxakon eta Zugaztietan orduko 144 eta 118 kilometroko ufadak neurtu dituzte, hurrenez hurren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia zuzendaritzak haizeari dagokion abisu horia ezarri du gaurko, izan ere, litekeena da 100 km/h-tik gorako boladak gainditzea haizeguneetan.
Gauerditik 15:00ak arte egongo da indarrean.
Hegoaldeko haizeak gogor joko du, haizeguneetan bereziki, eta litekeena da mendiguneetan 100 km/h-tik gorako boladak gainditzea. Haizegune ez direnetan, ostera, 60-80 km/h-ko boladak espero dira Bizkaian, bereziki mendebaldean; 60-80 km/h-ko boladak Gipuzkoan, bereziki ekialdean, eta 40-60 km/h-koak Araban.
Azken orduetan haize ufada indartsuak izan dira. Bizkaian, esaterako, orduko 144 eta 118 kilometroko ufadak neurtu dituzte Matxitxakon eta Zugaztietan. Horrez gain, bolada bortitzak erregistratu dira Oizen (104 km/h), Urduñan (103 km/h), Jaizkibelen (91 km/h), Santa Klaran (84 km/h), Gardean (80 km/h), Zarautzen (79 km/h), Zizurkilen (73 km/h), Ilarduian (69 km/h) eta Derion (63 km/h).