Gizartea -

FLORIDA

Aste erabakigarria Pablo Ibarren kontrako epaiketan, DNA probak tarteko

Fiskaltzak DNA probak aurkeztuko ditu aste honetan. Lagin batek Pablo Ibarren DNArekin bat egiten du partzialki. Defentsak, bere aldetik, ez dela froga sendoa uste du.

Pablo Ibar, epaiketaren lehen saioan. Artxiboko argazkia: EFE
Pablo Ibar, epaiketaren lehen saioan
Pablo Ibar, epaiketaren lehen saioan. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasi berri den hau aste erabakigarria izango da urriaren 1etik Floridan egiten ari diren Pablo Ibarren kontrako ahozko epaiketan. Izan ere, Fiskaltzak DNA proba berriak aurkeztuko ditu. Defentsaren esanetan, ez da froga sendoa errudun jotzeko. Bere tesia frogatzea lortuko balu, pauso garrantzitsua emango luke absoluziorako.

Hilketa hirukoitza gertatu zen etxean ez dute inoiz Pablo Ibarren DNA arrastorik topatu. Iaz, ordea, orban txiki bat aurkitu zuten segurtasun kameran ikusten den hiltzaileak sorbaldan zeraman kamisetan. Orban horrek Pablo Ibarren DNArekin kointziditzen du partzialki. Defentsak, baina, ez du uste froga sendoa denik.

Epaiketako hamahirugarren saioan, Fiskaltzak BSO laborategiak lan egiten duen DNA analista bat deitu du deklaratzera.

Pablo Ibarren Heriotza Zigorraren Aurkako Elkarteak ohar batean jakinarazi duenez, laborategi horretan laginak kutsatu izan dira iraganean eta probak gordetzerakoan izandako hutsuneengatik zigortu izan dute. Hala ere, epaileak debekatu egin dio xehetasun hori epaimahaiari aipatzea, ez dela egokia iritzita.

Defentsa abokatuak egindako galdeketan, analistak ukatu egin du laborategian egon zen bitartean kamiseta kutsatu zenik. Hala ere, Joe Nascimiento Pablo Ibarren abokatuetako baten galderei erantzunez onartu duenez, kamiseta zaintzan egon zen tarte handienean ez zuen berak izan eta ez zekien zehazki non zegoen ere.

Analistak onartu duenez, kamisetan topatutako Pablo Ibarrenak ez zirela ebatzi zuen 1997an egindako DNA probak. Horrez gain, kamisetaren ohiko erabiltzaileen profilek Pablo Ibar salbuetsi zuten.

Urteko azken saioa ostiral honetan egingo da. Aurreikuspenak betetzen badira, Fiskaltzak bere azken lekukoak aurkeztuko ditu. Gabonetako oporren ostean, urtarrilaren 7tik aurrera, berriz, epaiketari berrekingo diote. Defentsaren txanda izango da.

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak bideoak Pablo Ibar albisteak Epaiketak bideoak Gizartea Albisteak Gaur Albisteak