Gizartea -

Epaiketa

Fiskaltzak 1.400 euroko isuna eskatu du Hontzak konpartsako kide batentzat

2017ko Aste Nagusian, Hontzak konpartsaren txosnan jarritako dekoratuarekin sentimendu erlijiosoen kontrako delitua egin izana egotzi diote gazte bati.

Hontzak konpartsak 2017an jarritako txosna. Artxiboko argazkia: EFE
Hontzak konpartsak 2017an jarritako txosna.
Hontzak konpartsak ironiaz jarraitu du bere kontrako epaiketa

1:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hontzak konpartsako kide bat epaitu dute gaur goizean Bilbon, 2017ko Aste Nagusian konpartsa horren txosna jarritako irudiarekin "sentimendu erlijiosoen kontrako delitua" egin duela egotzita.

Dekoratu hartan, Jesu Kristo gurutzean zatituta ageri zen, goiburu honen azpian: ‘Hartu eta jan, hau nire gorpua da eta’.

Bilboko Gotzaingoak salaketa jarri zuen eta, epaileak hala aginduta, Ertzaintzak irudia kendu zuen txosnatik.

Hontzak konpartsak zehaztu du hiru salaketa izan zirela: Gotzaingoarena, Jose Ignacio Irusta Falange Vasco-Navarra taldeko buruzagiarena eta Andaluzian bizi den herritar batena.

Epaiketa gaur goizean egin dute Bilboko epaitegi batean, eta Fiskaltzak 1.400 euroko isuna eskatu du auzipetuarentzat, "sentimendu erlijiosoen kontrako delitua" egotzita.

Saioa hasi aurretik, Hontzak konpartsako kideak esan du bere kontrako akusazioa "barregarria" dela eta auzia epaiketarik gabe artxibatu egingo zutela uste zuela. "Horrelako kontuak ez lirateke epaitu beharko, adierazpen askatasunaz ari baikara", erantsi du.

Halaber, auzipetuak azpimarratu du Bilboko Gotzaingoak eta Irustak uko egin ziotela epaiketara aurkezteari, eta, beraz, Fiskaltzaren ekinbidez eraman dutela auzitara. Nolanahi ere, absolbitu egingo dutenaren itxaropenari eusten dio.

Epaiketa epaiaren zain geratu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aste Nagusia Bilbo Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak