Gizartea -
Aurretiazko txostena
Bekokian emandako kolpe handi batek hil zuen Laura Luelmo, autopsiaren arabera
Abenduak 14 eta 15 artean hil zuten; El Campillon (Huelva), iragan asteazkenean, desagertu eta bi edo hiru egun geroago.
Agentziak | Erredakzioa
Laura Luelmoren gorpuari egindako autopsiak azaldu duenez, bekokian emandako kolpe handi baten ondorioz hil zen 26 urteko irakaslea, ikerketako iturrien arabera. Zamorako emakumea abenduaren 14a eta 15a bitartean hil zuten, iragan asteazkenean El Campillon (Huelva) desagertu eta bi edo hiru egunetara.
Huelvako Auzitegi Medikuntzako Institutuan egin diote autopsia gorpuari, eta aurretiazko txostenaren berri eman dute ondoren. Gaztearen senitartekoak bertara joan dira astearte honetan.
Guardia Zibileko ikertzaileak gorpua aurkit zuten ingurua arakatzen ari dira El Campillon, hilketaren zantzuak bilatzeko; izan ere, biktima objektu sendoren batekin jo zutela ematen du.
Autopsia egindakoan, ikertzaileek ez dute zehaztu Laura Luelmo gorpua aurkitu zuten tokian hil zuten, El Campillotik gertu. Astelehen honetan aurkitu dute haren gorpua bertan, bost egun lehenago, 16:00ak aldera, mutil-lagunari mezu bat bidali, eta kirola egitera atera ondoren.
Asteazkenean, abenduaren 12an, antena batek gaztearen mugikorraren azken seinalea jaso zuen 20:00ak aldera. Telefonoaren bila dabiltza oraindik.
Astelehenean, 18:40an eman zuen Valverde del Caminoko epaileak gorpua jasotzeko baimena, Guardia Zibilak agiri batean zehaztu duenez.
N-435 errepidearen inguruetan topatu zuten gorpua. Bilaketa lanetan parte hartzen ari zen boluntario batek abisua eman zuen 12:00ak aldera.
Boluntario batek emakumearen arropak aurkitu zituen, eta Guardia Zibilari eman zion horren berri. Jantziak topatu zituzten tokitik 200 bat metrora, emakume baten gorpua aurkitu zuten guardia zibilek, ezponda eta sastraka inguru batean.
Aurrekari asko
Gorpua topatu eta 24 ordutara, Guardia Zibilak Lauraren auzokide bat atxilotu du: Bernardo Montoya. Urrian atera zen espetxetik, eta aurrekari ugari ditu.
Susmagarri nagusia Valverde del Caminoko polizia-etxera eraman dute lehenengo, eta Huelvako Komandantziara, ondoren. Bertan galdekatuko du UCOk.
Atxilotua Valverde del Caminoko epailearen esku geratu baino lehen, 48 orduko epea dute ikertzaileek galdeketa egiteko. Epaileak sumario-sekretua ezarri du. Bernardo Montoya ihes egiten saiatu omen zen, Guardia Zibila atzetik zuela sumatu ondoren. Horren anaia bikia zigorra betetzen ari da emakumeen aurkako indarkeriagatik.